«Grafikagintza sektoreak hitzarmen duin bat behar du»

Ataria 2022ko uztailaren 14a

Sektoreko langileen elkarretaratzea pasa den apirilean.

Grafikagintzako langileak batzarrak egiten ari dira lantokiz lantoki; lau bilera eta gero hitzarmena negoziatzeko mahaia blokeatuta dago eta ez dituzte mobilizazioak baztertzen.

Aurreko hitzarmenaren indarraldia amaituta, hitzarmena berritzeko prozesua abiarazi zuten duela hilabete batzuk grafikagintza sektoreko langileek. Sindikatuek eta Adegi patronalak osatutako mahaia lau aldiz bildu da, baina negoziazioa blokeatuta dagoela diote langileek. Horietako bat da Manu Odriozola LABeko eta Ezker Iraultzaileko kidea. «Adegik mahai negoziatzailea blokeatu du, herrialdeko hitzarmenaren etorkizuna kolokan jarriz». 

Orain arte sindikatuek bi elkarretaratze egin dituzte eta baita auto karabana bat ere. Hilabete honetan batzarrak egitena ari dira lantokietan, langileei egoeraren berri emateko, eta ez dute baztertzen mobilizazio eta greba egunak deitzea irailean. 
«Hitzarmen duin baten beharrean gaude eta Adegi patronalaren eraso basati baten aurrean. Ez dago prest hitzarmen duin bat bermatzeko. Hitzarmena negoziatzeko mahaia bost aldiz bildu da dagoeneko, eta patronalak gure lan baldintzak atzera botatzeko ahaleginean jarraitzen du, KPIaren igoerari dagokionez soldata igoera lotsagarriak planteatuz. Pandemiako azken bi urteetan, lan kargak gora egin du eta enpresaburuek irabaziak izaten jarraitu dute, inflazioak gure soldatak jaten dituen bitartean».

Eskaerak
Soldata igoerak KPIaren gainetik hitzarmena indarrean den urteetan, urteko lanaldia 16 orduz murriztea eta txanda kontratuaren aplikazioa da langileek eskatzen dutena. «Iñigo Urkullu lehendakariak dio krisitik atera garela, baina langileok bizi dugun errealitatea gordina da: inflazioak gure soldatak jaten ditu eta patronala ez dago ezertan amore emateko prest, nahiz eta gure kontura ederki aberastu den eta erakundeetatik dirutza publiko izugarriak jasotzen dituen. Ez gaude pandemiak edo Ukrainako gerrak eragindako krisi zehatz baten aurrean. Ekonomia kapitalistaren krisi organikoaren aurrean gaude, langileei berriro ordainarazi nahi digutena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!