Hemen behar zuten haur sahararrak eta ez dira iritsi oraindik

Irati Saizar Artola 2022ko uzt. 13a, 11:59
2018an Oporrak Bakean programarekin eskualdera etorritako haur sahararrak, Anoetan.

Arazo "burokratikoak" tarteko, ez dakite zehazki zein egunetan iritsiko diren Oporrak Bakean programan parte hartu duten haur sahararrak.

Ekainaren 28a egun handia izatekoa zen eskualdeko sei familiarentzat. Haur sahararrak hartzera zihoazen uda osorako, bi hilabetetarako. Arazo ezberdinak tarteko, ordea, oraindik ez dira iritsi haurrak eskualdera, eta ez dakite noiz iritsiko den etxeetako ateak goxo zabalduko dizkieten eguna.

Oporrak Bakean programaren bidez saharar errefuxiatuen kanpamentuetan bizi diren haurrak hartzen ditu eskualdeak udaro. Azken bi urteetan ezin izan dute etorri pandemiagatik eta harrera beroa prestatuta zuten aurtengorako. Halaxe adierazi du Eli Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak. "Arazo burokratikoak" daude tartean, eta haurrak etorriko direla ziur dauden arren, ez dakite zehazki zein egunetan iritsiko diren.

"Saharar haurrek, hona etortzeko, baimen bereziak behar izaten dituzte, eta horiek lortzeko bidean akats ezberdinak izan dira. Horiek konpondu nahian ari gara orain", azaldu du Eizagirrek.

Aljeriako basamortuaren erdian daude kokatuta kanpamentuak, eta batetik, Aljeriak eman behar izaten du baimena. Gero, espainiar estatuan sartu ahal izateko, Espainiak emandako baimena ere behar izaten dute. "Ekaineko lehen asteetan bilera egiten du Espainiako gobernuak eta dekretu bat onartzen dute haurrek bidaiatu ahal izateko baimenak emateko. Kontua da, onarpena eman zuela, baina BOEn argitaratzerako ia bi aste pasa zirela". Prozesua atzeratzea ekarri die horrek.

Bestalde, Aljerian festa egunak ari dira ospatzen, independentzia aldarrikatu zuenetik 60 urte pasa direlako batetik, eta bestetik, musulmanen festa ere garai honetan izaten delako. "Dena jarraian etorri zaigu, eta gure eskuetatik kanpo dauden gauzen ondorioz ere paperak bukatu gabe daude oraindik".

Albiste gehiagoren zain daude orain: "Egun batetik bestera espero dugu saharar haurrak bidaiatuko duten eguna jakitea". Ekainaren 28a urrun ikusten dute, ordea, eta "penaz" daude, oraindik ez direlako iritsi, eta "kezkaz", egiten duen beroarekin kanpamentuetan jarraitzen dutelako. Eizagirrek kontatu du Nafarroako kide bat dagoela momentu honetan kanpamentuetan, eta ia egunero hitz egiten dutela berarekin: "Infernu hitza mila aldiz aipatu dit, ezin dutelako arnasa ondo hartu, aire giroturik gabe ezin dutelako bizi. Horrelako esaldiak entzutea oso gogorra da".

Oporrak Bakean programari esker, "haur batzuk behintzat" aukera izaten dute basamortu erditik atera eta bi hilabete handik kanpo pasatzeko. "Horregatik da garrantzitsua programa, baina are garrantzitsuagoa da saharar biztanleria guztia handik ateratzea eta euren lurraldera itzultzeko aukera izatea".

2.500 haur saharar

Tolosaldea Sahararekin elkarteak 20 urte baino gehiago daramatza Tolosaldeko udalekin batera Oporrak Bakean programan parte hartzen. Espainiar estatura, Italiara eta Frantziara etortzen dira urtero haurrak. Aurtengo kasuan, 2.500 haur saharar dira etortzekoak denera, guztiak 8 urte dituztenak.

Haur horiei aukera ematen zaie, batetik, berotik babesteko, eta bestetik, mediku azterketak pasatzeko. "Hona iristen direnean ez dakigu betaurrekoak behar ote dituzten edo tapoiak ote dituzten belarrietan, edota nahiko arin sendatu daitezkeen gaixotasunak dituzten, anemia bezalakoak". Bi hilabete harrera familietan pasa, eta "bitaminak hartuta" itzultzen direla errefuxiatuen kanpamentuetara kontatu du Eizagirrek.

Aurten Tolosaldeko sei familiak eman dute harrera familia izateko izena. Erantzunarekin "pozik" daude Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak, eta lehenbailehen ikusi nahi dituzte haur sahararrak familia horietan. "Berez ekaina amaieran etorri eta abuztu amaieran itzuli ohi dira, baina aurten beranduago etorriko dira, eta itzulera datarik ez dakigun arren, uste dugu galdutako egunak galduta geratuko direla".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!