Hamabostean behin izaten dute fisioterapeutaren bisita

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko uzt. 13a, 11:58

Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak fisioterapeutaren zerbitzua izan du martxan eguneko zentroan, eta emaitza ikusita mantentzea erabaki dute

Urtarrilean jarri zuten martxan Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko eguneko zentroan fisioterapeutaren zerbitzua. Errehabilitazioak gero eta garrantzi gehiago duelako hasi ziren proiektuarekin, eta emaitza onak ikusita mantendu egingo dute.

Elena Rikondo gizarte langileak esan duenez, «beharra» ikusi zuten, eta interesgarria iruditu zitzaien aditu batek pertsona bakoitzaren egoera fisikoa eta mentala aztertu, eta bakoitzarentzat ariketa mota egokienak proposatzea. Zerbitzu «nahiko pertsonalizatua» egiten ari dira, baina, pertsonalizatua izanagatik, taldean ere egiten dituzte ariketak fisioterapeutarekin batera.

Hamabostean behin jasotzen dute bisita, eta jarraipena egiten die erabiltzaileei. Gainontzeko egunetan, berriz, zentroko laguntzaileekin jarraitzen dute ariketak egiten, Eguneko Zentroan egunero lantzen baitute fisikoa. Hau da, astelehenetik ostiralera joaten direnek egunero-egunero ariketa ezberdinak egiten dituzte.

Adimena eta memoria, berriz, arratsaldeetan lantzen dute: «Burua egun osoan zehar lantzen da, eta behin eta berriz memoria lantzeko ariketak egiten dituzte». Fisioterapeutaren kasuan, kasu bakoitza aztertzen dutela adierazi du Rikondok, eta plan bat gauzatzen dute: «Hasteko nahi duten ere aztertzen da, agian zenbait ariketa ez baitituzte egin nahi». Taldean lantzeak ere abantailak dituela esan du, eta bat animoz baxuago badago, ondokoak egiten duenez, eragin zuzena duela.

Pixka bat egokitu egin dira pertsonetara, eta azpimarra jarri du Rikondok: «Dena ez da galera. Ariketa bat eta beste eginez gero, oraindik mantendu edo hobetu dezakete». Zer egin ahal duten ikusten dute. «Mentalki animoa ere behar dute jartzen dizkieten ariketak egiteko, eta estimulatu behar dira», dio. Hala ere, normalizatua dagoen zerbitzu bat dela bistakoa dela eman du jakitera, eta egun horietan jende askok parte hartzen duela.

«Interesgarriak dira gertatzen ari diren gauzak» , kontatu du gizarte langileak. Gutxirekin hastea gustatzen zaiela esan du, eta ondo moldatzen direla. Hilabete hauetan eginikoaren balorazio «ona» egin dute, eta jarraitu egingo dute zerbitzuarekin: «Jada eguneko zentroko parte bihurtu da».

AUZOTU JARRAITUZ

Auzotu programako lehen fasea pandemia garai betean egin zuten; gizarte mailan sortu ziren laguntza sareak aztertu zituzten eta baita teknologiak izan zuen garrantzia identifikatu ere. Lehen faseko emaitza onak ikusita, 2021eko azaroan ekin zioten Auzotu programaren bigarren faseari, eta hilaren 4an eman zioten amaiera.

«Lehena esperimentu interesgarria izan zen, eta momentu konkretu batean egin zen», zehaztu du. Auzoturen bigarren zatiari begira, aldiz, «zailtasun asko» ikusten zituen, jendeari parte hartzea suposatzen ziolako. «Normala den moduan teknologiari beldurra dio jende askok, eta hemen jada pausoak eman behar zituzten». Praktikara iritsita aitortu du parte hartzaile batzuek atzera egin zutela.

Beharra ikusten dela esan du, eta guztia oso bizkor doala; «baina, nola iritsi? Jendeak sinetsi egin behar du posible duela teknologia berriak erabiltzea». Bigarren fasearen helburua, teknologia berriak erabiliz harremanak sustatzea izan dute.

Sortu den taldeak Bidania-Goiazko liburutegian izango du jarraipena. Mugikorraren eta zenbait aplikazioren funtzionamendua ikasteko aukera dute. Auzotun aritu den taldeak izan duen «balorazio ona» ikusita, irailetik aurrera ere jarraipena izango du, eta bai herritarrentzat eta baita gainontzeko hiru herrietakoentzat ere irekia da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!