Joseba Larraurik Gipuzkoako marka egin du 200 metroetan

Ataria 2022ko uztailaren 13a

Joseba Larraurik Gipuzkoako  5 1657652176956
Joseba Larraurik Gipuzkoako  1 1657652175530
Joseba Larraurik Gipuzkoako  2 1657652175902
Joseba Larraurik Gipuzkoako  3 1657652176177
Joseba Larraurik Gipuzkoako  4 1657652176696
Joseba Larraurik Gipuzkoako  6 1657652177160

Atleta irurarrak 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan lortu du 21,01eko errekorra, eta zilarra jantzi du.

Asteburuan jokatu da atletismoko 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa eta bertan Tolosa CF-ko Joseba Larrauri irurarrak sekulako marka egin du 200 metroetan, 21,01 eginez, eta Gipuzkoako absolutu mailako errekorra hautsiz. Aurreko marka orain dela 37 urtekoa zen. Horrez gain, 23 urtez azpiko Euskadiko marka berria ezarri du. Proba horretan zilarrezko domina lortu zuen Larraurik.

Tolosa CF-ko beste lau atleta lehiatu ziren txapelketa horretan. Maria Felisa Okomok brontzezko domina lortu zuen 4 kiloko bola 12,61 metrotaraino jaurti ondoren. Iratxe Martinek 400 metro hesietan orain arteko postu onena lortu zuen, laugarren eginez 1.00,41eko markarekin.

Izaro Perurenak 3.000 metro oztopoetan beste behin Tolosa CF-ko errekorra egin zuen, eta 10.49,26 markarekin bosgarren postua lortu zuen. Nora Ituarte 100 metroko proban finalera sartu zen eta 12,19ko markarekin zazpigarren postua lortu zuen. Emaitza horiekin Tolosa CF-k txapelketako kluben artean 17. postua lortu zuen, eta Euskadi mailan bigarren izan zen Atletico San Sebastian klubaren atzetik bakarrik.

Eskualdeko beste bi atleta izan ziren 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, biak irurarrak. Maria Lasak (Atletico San Sebastian) zilarrezko domina lortu zuen 800 metroko proban, 2.09,69 markarekin. John Cabangek (Real Sociedad) irteera baliogabea egin zuen finalaurrekoetan, 110 metro hesietan, eta, beraz, 16. postuan geratu zen. Berez, Cabang urrezko domina lortzeko hautagai nagusia zen.

Bestalde, Tolosa CF-ko Manex Civicok 18 urtez azpiko Europako Txapelketan parte hartu zuen aurreko astean, Jerusalemen, 2.000 metro oztopoak proban. Finalera bere kanporaketa irabaziz sailkatu zen, baina gero finalean ez zituen sentsazio hain onak izan eta 13. postuan amaitu zuen 5.59ko markarekin.

MARTINEZ DE RITUERTOREN MARKA PERTIKAN

Ander Martinez de Rituerto (Real Sociedad) atleta tolosarrak 20 urtez azpiko Euskadiko errekorra egin du pertikan asteburuan, 5,23 metroko jauziarekin. Donibane Loitzunen egindako saioan lortu zuen errekorra, eta pertikako proba irabazi zuen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!