Santa Marinaren omenezko ekitaldiak, asteburuan

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 13a, 07:59
Asteasuko SantamaƱan 2019an ospatutako herri kirol jaialdia.

Albizturren Santa Marina festak ospatuko dituzte eta Asteasun Santamañak; Alegiako festekin batera, jai egitarau oparoak egongo dira aukeran datozen egunetan.

Santa Marina eguna izango da uztailaren 18an, astelehena, eta egunaren bueltan jai egitarauak prestatu dituzte Asteasun eta Albizturren. Asteasun Santamaña Elkarteak antolatzen du egitaraua. Goiballarako bizilagunek osatzen dute elkartea eta jaietako ekitaldi gehienak datorren asteburuan izango dira, nahiz eta Orientazio Proba eta Santamañako Kros Igoera egin dituzten jada. 
Pello Izagirre elkarteko kideak esan du urtetik urtera egitarau oparoagoa prestatzen dutela Santamaña festak ospatzeko, eta jaiak irauten duen bitartean elkartea taberna bihurtzen dela. «Elkarteak jaietan taberna itxura hartzen du eta herritarrak arduratzen dira jaiak bideratzeaz. Lantalde zabal bat dago eta bakoitzak du bere zeregina. Jaiak Asteasuko Udalaren laguntzarekin antolatzen ditugu». 


Larunbatean botako dute txupinazoa, baina aurretik, ostiralean, Mus Txapelketa egingo dute. 25 urte dira egiten dutela eta elkartean bertan egingo dute. Herri bazkaria larunbatean izango da. Auzotar asko biltzen ditu eta elkartean 80 bat pertsona biltzen direla esan du Izagirrek. Gaur da izena emateko azken eguna eta horretarako 686 788 260 edo 667 897 468 telefono zenbakietara deitu behar da. 
Santa Maria eguna uztailaren 18an izango da eta egun horretan egiten duten kalejira izan ezik, beste ekitaldi guztiak elkartearen bueltan egingo dituzte. 


Albizturren Santa Marinaren ospakizunaren bueltako egitaraua antolatu ohi dute eta aurten igandean egingo dituzte ekitaldiak. Segore Etxe Berri jatetxean elkartuko dira bazkaltzeko eta ondoren trikitilari gazteen eskutik jarraitu ahal izango dute festa. Bukatzeko, 17:00etatik aurrera, Albiztur eta Bidaniako gazteen arteko lehia izango dute. 

Egitarauak


Asteasuko Santamañako festak


Uztailak 15, ostirala

  • 22:00. Santamañako XXV. Mus Txapelketa. Izen ematea 21:30etik 21:50era. Oharra: orduz kanpo ez dute izen ematerik onartuko eta bikotekideetako batek herritarra izan behar du.

Uztailak 16, larunbata

  • 12:00. Haur jolasak.
  • 13:00. Txupinazoa.
  • 14:00. Herri bazkaria.
  • Arratsaldean eta gauean Ostolaza eta Rakel Pujana trikitilariak.

Uztailak 17, igandea

  • 12:30. Meza nagusia.
  • 13:30. Toka Txapelketa.
  • Ondoren, trikitilariak: Laja II eta Narbaiza.
  • 17:30. Herri kirolak, pentatloiko lan ezberdinak. Kirolariak: Amalur Arbelaitz, Nerea Arruti, Xabier Zaldua eta Aratz Mugerza. Arratsaldean eta gauean Laja II eta Narbaiza trikitilariak.

Uztailak 18, astelehena

  • 11:00. Meza nagusia.
  • Ondoren, hamaiketakoa.
  • 13:00. Herri kirolak bertako gazteen eskutik.
  • Ondoren, bertsolariak: Irazu eta Peñagarikano. Trikitilariak: Izer, Alabier eta Lutxurdio.
  • 17:30. Kalejira.
  • Afaldu aurretik Tranpazuloren jaitsiera.
Albizturko Santa Marinako jaiak

Uztailak 17, igandea

  • 10:00. Albizturko plazatik abiatu eta Santa Marina auzora ibilaldia.
  • 12:00. Austobusa Albizturko plazatik Santa Marinara joateko
  • 12:30. Meza nagusia Santa Marinako elizan.
  • 14:00. Bazkaria Segore Etxe Berri jatetetxean Albizturko herritarrentzat.
  • Ondoren, herriko trikitilari gazteak ariko dira.
  • 17:00. Albiztur eta Bidaniako gazteen arteko lehia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!