Tolosaldeko enpresen gida argitaratu du Tolosaldea Garatzenek

Ataria 2022ko uztailaren 12a

Eskualdeko 53 industriaguneen eta 600 enpresaren inguruko informazio orokorra biltzen du. Tolosaldea Garatzenen webgunean deskargatu daiteke.

Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziak Tolosaldeko enpresen gida kaleratu du. Enpresen informazio orokorra eta kontakturako datuak biltzen ditu, eta eskuragarri dago garapen agentziaren webgunean.

53 industriagune eta 600 enpresa baino gehiago ditu Tolosaldeak, eta ez direla "nolanahiko datuak" nabarmendu dute Tolosaldea Garatzenetik; "eskualdeak ehun sendoa duela erakusten du". Bada, enpresa horien guztien informazio orokorra eta kontakturako datuak bildu dituzte gidan: telefonoa, emaila, webgunea, kokalekua, langile kopurua… Informazioa udalerrien, sektorearen eta jarduera motaren arabera sailkatu dute, bilaketa errazteko, eta eskualdeko industriagune guztien planoa ere txertatu dute dokumentuan.

Enpresa eta udal guztietara banatuko dute gida datozen egunetan, eta bertsio digitala Tolosaldeagaratzen.eus webgunetik deskargatu ahal izango du interesa duen edonork.

Guztien arteko elkar ezagutza eta harremanak sustatzeko helburuz eguneratu du gida Tolosaldea Garatzenek. "Tolosaldea Garatzenetik enpresen arteko lankidetza sustatu nahi dugu, eta tresna hau hori lortzen lagunduko duen oinarri bat izan daiteke", esan du Aimar Arzelus Telleria, enpresa saileko arduradunak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!