Bertatik Bertara kanpaina, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko

Ataria 2022ko uztailaren 13a

Bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina hirugarrenez egingo du Uemak, eta eskualdeko udalek bat egin dute.

Hirugarren aldiz, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina egingo dute uda honetan ere udalerri euskaldunetan. Horretarako hainbat baliabide eskainiko dituzte Uemak eta bertako kide diren dozenaka udalek, eta 250.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean. Hainbat garapen agentziak ere egingo dute bat irailaren erdialdera luzatuko den kanpainarekin.

Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du aurten ere Uemak Bertatik Bertara kanpainarekin, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera.

Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako banerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste.

Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko "ezinbesteko osagaia" dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Izan ere, jakinarazi zaien moduan, "askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!