Tolosaldea traineruak lortu du bere helburuaren bidean lehen pausoa ematea Euskotren Ligan. Lau traineru lehiatzen dira ligan eta azken sailkapenean laugarren geratzen denak jokatuko du igoera fasea. Laugarren postu hori ekidin nahi du Tolosaldeak ligaren amaieran, eta horretarako puntuak bildu behar ditu. Coruñako uretan jokatu dira bi jardunaldi eta bigarrengoan, ligako laugarren estropadan, hirugarren postua lortu du, Donostiarra atzean utziz. Aurreko hiru estropadetan Tolosaldea laugarren izan da eta Donostiarra hirugarren.
Irati Gurutxarri Tolosaldea traineruko arraunlariak azaldu duenez, «lehen asteburuan urduritasun puntu hori nabaritu zen. Talde gaztea gara, eta denok ari gara debuta egiten Euskotren Ligan. Asteburu honetan lasaiago joan gara eta lortu dugu Donostiarrari puntutxoa jatea. Poz handiz ospatu genuen. Kanpotik ikusita ematen zuen bandera irabazi genuela... Hurrengorako motibazio handiarekin joango gara».
Coruña Hiriko Bandera bi jardunalditan jokatzen da, eta egun bakoitzean lortutako denborak batu egiten dira banderaren irabazlea izendatzeko. Ligaren sailkapenari begira, jardunaldi bakoitzak puntuak gehitzen ditu. «Larunbatean arraunkeraz gustura joan ginen, baina ikusten den moduan, liga honetan palada bat bera ere ezin da gaizki eman. Maila handia dago eta besteak ere indartsu daude», esan du Gurutxarrik. «Irteeran besteak baino motelago atera ginen, eta hor agian segundo batzuk joan ziren. Itsasoa kaskarragoa zegoen, eta ziabogatik bueltan ez genuen oso ondo asmatu. Igandean, arraunkeraz gogo handiz eta gusturago joan ginen, gehiago asmatu genuen». Arraunlariak gaineratu duenez, gauza «on» bat dute: «oso buru gogorrak gara, eta igandean gogo handiarekin atera ginen, nahiz eta ikusi aurreko hiruretan azken postua egin genuela».
Patroi aldaketa ere izan da asteburuan, eta aritu ziren bientzat lehen aldia izan zen. Larunbatean Olaia Barriuso aritu zen trainerua gidatzen, eta igandean Maialen Amondarain. «Oso gustura aritu ginen biekin. Hiru patroi ditugu eta hirurak prest daude lana ondo egiteko», esan du Gurutxarrik.
Larunbatekoan Oriok irabazi zuen eta bigarren izan zen Donostia Arraun Lagunak, eta igandekoan postu horiek aldatu egin ziren. Oriok bereganatu zuen bandera, bi jardunaldiko denborak batuta. Lau estropada igaro ondoren, lehen biak berdinduta daude puntuetara eta Donostiarrak bi puntu ateratzen dizkio Tolosaldeari.
Datorren asteburuan beste bi estropada izango dituzte aurretik. Larunbatean Orion izango da, zehazki Orioko XXII. Emakumezkoen Estropada - Orio Kanpina X. Bandera, eta igandean Zierbenan jokatuko da estropada, eta II. Bandera Edinor izango da jokoan. Biak itsasoan izango dira, eta ikusi beharko da zer baldintza topatzen dituzten. «Gure helburua da erakustea hor gaudela, eta hori dagoeneko erakutsi dugu», esan du Gurutxarrik. «Orain ahal dugun ondoen egitea arraunean, dakigun bezala, eta ea gutxika puntuak jaten ditugun, eta laugarren postu horretatik libratzen garen».