Urtanta ekimena egingo dute Pasaiatik Azkainera

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 6a, 07:57
Argazkia: Bidasoko Hitza

Urmugak antolatu du musika jaialdi ibiltaria uztailaren 22tik 24ra; Elkano Itsas Herria ekimenarekin lankidetzan ariko dira

Euskal Herriko kultura eta ondarea sustatu eta zabaltzeko, bi urtez behin Urmuga ekimena antolatzen du izen bereko elkarteak. Aurten, helburu berbera izango duen hiru eguneko Urtanta ekimena antolatu dute eta kultur elkarteko kide eta antolatzaile den Migel Zeberio tolosarrak azaldu du, zeharkaldia «txikia baina ederra» izango dela.

Pasai San Pedron uztailaren 22an hasi eta Azkainen bukatuko dute ekimen ibiltaria uztailaren 24an. «Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa mendiz eta itsasoz lotuko ditugu», esan du Zeberiok. Horretarako Urmuga kultur elkarteak Elkano Itsas Herria ekimena izango du bidelagun. 500 urte dira Elkanok munduari itzulia eman ziola eta urtemugaren harira Albaolan osatu duten Pataxa erreplikak itsasoz lotuko ditu Pasaia eta Azkaine.

ITSASOA, MENDIA ETA MUSIKA

Egunez egun, ontzia lehorreratzen den unea baliatuko dute Urmugakoek musika emanaldiak eskaintzeko. Lehen egunean, uztailaren 22an, Artzuportun egingo du geldialdia Pataxak eta 18:00etatik aurrera Erentzingo itsaslabarrean, Bioznar lurmutur parean, kantu herrikoi saioa egingo dute. Leire Berasaluze Letu, Kristina Aranzabe eta Urtanta bandarekin batera ariko dira, besteak beste, Bixente Martinez, Igor Telletxea, Gorka Benitez, Iñigo Telletxea eta Leturia.

Bigarren eguna Hondarribian emango dute mendizaleek eta bertako Kai Zaharrean egingo du lurreratzea Pataxa ontziak. Arratsaldean, berriz, Et Incarnatus Orkestrak emanaldia eskainiko du Kasino Zaharrean, eta besteak beste, Petti, Xabi Solano, Xabier Berasaluze Leturia, Estitxu Pinatxo eta Miren Narbaiza ariko dira emanaldian. Uztailaren 23ko 22:00etatik aurrera, Hondarribiko Musika Bandak kontzertua eskainiko du Santiago kalean.

Azkeneko eguna Azkainen emango dute Urtanta ekimeneko parte hartzaileek. Horretarako mendizaleak 08:00etan aterako dira Hondarribitik eta zazpi bat orduko ibilaldia eginda iritsiko dira Azkainera. Bidean, Larhungo gainean, 11:00etan, aperitifa emango dute eta Donostiako Orfeoia ariko da Et Incarnatus Orkestrarekin. Eguerdirako espero dute Azkaingo portuan Pataxa ontzia eta bertan musika, taloak eta Mundu Bira erakusketaren irekiera izango dira. Donostiako Orfeoiak eta Et Incarnatus Orkestrak elkarrekin emanladia eskainiko dute 18:30ean Termin izeneko eremuan eta egunari errematea Murgi taldeak emango dio Azkaingo plazan.

Goi mendietatik Euskal Herriko kostara eramango dute aurtengoan Urmuga. Itsasoa, mendiak eta musika izango dira protagonista eta ekimenean parte hartu nahi dutenek informazio guztia izango dute www.urmara.eus helbidean eta info@urmuga.eus posta elektronikoan. «Urmugak aurten ur tanta bat isuriko du, nora eta Kantauri itsasora», esan du Zeberiok. Ekimenean bultzatzaile gisa ariko diren erakundeei esker ona adierazi eta zeharkaldian parte hartzeko gonbita luzatu die herritarrei.

URTANTA EKIMENAREN EGITARAUA

  • Uztailak 22, ostirala
    • 07:00. Mendizaleen irteera Pasai San Pedrotik txalupaz Pasai Donibanera.
    • 12:00. Ur Harizko laukotea Pasai Donibaneko Bonantza pasealekuan.
    • 17:00. Elkanoren Pataxaren lehorreratzea Jaizkibelgo Artzuportun.
    • 18:00. Erentzingo itsaslabarrean, Bioznar lurmutur parean, Herri Kanta: Leire Letu eta Kristina Aranzabe eta Urtanta banda.
  • Uztailak 23, larunbata
    • Goizean goiz. Mendizaleen irteera.
    • 10:30. Harizko laukotea Artzuko errotan.
    • 12:30. Pataxaren iritsiera Hondarribiko Kai Zaharrera. Erraldoi eta buruhandiak, gaiteroak, txaranga eta ondoren bazkaria.
    • 18:30. Et Incarnatus Orkestra eta gonbidatuak Kasino Zaharrean: Petti, Xabi Solano, Estitxu Pinatxo eta Miren Narbaiza.
    • 22:00. Hondarribiko Musika Bandaren kontzertua Santiago kalean.
  • Uztailak 24, igandea
    • 08:00. Mendi ibilaldia:Hondarribia- Biriatu-Larhun-Azkaine.
    • 11:00. Larhun mendiaren gainean aperitifa musikala: Donostiako Orfeoia, Et Incarnatus Orkestra eta Errobiko joaldunak.
    • 14:00 - 16:00. Azkaingo portuan Pataxaren lehorreratzea eta kontzertuak: Jarauta 69, Baigorriko gaiteroak, Errobiko joaldunak, Trikitxanga musika taldea.
    • 16:00. Taloak Azkaingo ikastolaren eskutik.
    • 17:00. Mundu Bira erakusketa Azkaingo portuan.
    • 18:30. Terminen muga eremuan Donostiako Orfeoia eta Et Incarnatus Orkestra.
    • 21:00. Azkaingo dantza taldea.
    • 23:00. Murgi taldearen animazioa herriko plazan.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!