Tolosaldeko Euskararen Mahaia osatu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 5a, 15:47
Lehiberri zentroan sinatu zuten akta, atzo.

Euskararen normalizaziorako hizkuntza politika adostea, plan estrategikoak diseinatzea eta ardurak zein egitekoak banatzea izango dira mahaiaren zereginetako batzuk.

Eskualdeko hainbat udal eta elkartetako ordezkariek Tolosaldeko Euskararen Mahaia (TEM) eratzeko akta sinatu zuten atzo, Lehiberri zentroan. 2019ko martxoan, Alegian, 42 eragilek sinatu zuten mahaia eratzeko konpromiso adierazpena eta orain, prozesua uste baino gehiago luzatu bada, Lehiberrin elkartutako erakundeetako ordezkariek pauso bat gehiago eman eta Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko akta sinatu dute. Tolosaldean euskararen normalizazioan jarduteko plan estrategikoa diseinatzea eta garatzea beharrezkoa ikusten dutelako eratu dute mahaia eta helburu argia dutela esan dute: Tolosaldean euskararen normalizaziorako hizkuntza politika adostea, plan estrategikoak diseinatzea, ardurak eta egitekoak banatzea, eta ahalik eta modu efizienteenean plangintza horiek garatzea.

Tolosaldeko herritar gehien-gehienak euskaldunak direla gogoratu dute: eskualdeko biztanleen %75 euskal hiztunak dira, beste %10ek ulertu behintzat egiten dute, eta belaunaldi gazteenak unibertsalizazioaren mugan daude. «Horrek Euskal Herriko zonalde euskaldunenen artean jartzen du Tolosaldea, eta egoera horretan, posible da Tolosaldean euskara harremanetarako, gozamenerako eta lanerako hizkuntza nagusia izatea, erabateko unibertsalizazioa lortzeko urratsak egitea eta, horrela, hizkuntzen indarberritze eta normalizazioan erreferente izatea, benetako arnasgunea euskararentzat».

Tolosaldeko Euskaren Mahaiak ez du berariazko nortasun juridikorik izango momentuz, helburuak betetzeko koordinazio eta exekuzio mahaia izango da behin behinean. Hala ere, inplikatutako eskualdeko gizarte eragileen iritzia jasota, eskualdeko udalei dagokie zehaztea mahaiak aurrera egiteko behar duen egituratze eta antolamendu juridikoa.

Partaideak
Horrela, TEM herri erakundeetako ordezkariek zein gizarte eragileek osatuko dute: Tolosaldeko 23 udalek, Uemak, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Larramendi Bazkunak. Eskualdeko udaletatik honakoek sinatu dute TEM eratzeko akta: Aduna, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkil. Eragile horiez aparte, gainerako erakundeetako zein euskalgintzako ordezkariek ere gonbidatu gisa parte hartzeko aukera izango dute mahaian.

Funtzionamenduari dagokionez, eragile instituzionalen eta sozialen eskualdeko bilgunea Uemak eta Galtzaundik gidatuko dute. TEMk arloz arlo lan egiteko barne antolaketa izango du, besteak beste: batzarra –eragile guztiek parte hartu eta erabaki estrategikoak hartzeko bilgunea–,  batzorde eragilea –batzarretako gaiak proposatu, adostu eta landuko dituen taldea–, Tolosaldeko teknikarien mahaia –udaletako euskara teknikariek, Uemako teknikariek eta Galtzaundiko teknikariek osatzen dute foro teknikoa- eta TEM azpi-batzordeak–gai zehatzak lantzeko sortuko diren batzordeak izango dira, hala nola, euskalduntze-alfabetatzea, hezkuntza edo bestelako alorrak lantzeko espresuki eratuko direnak–.

Hemendik aurrera, 2022 eta 2023rako euskararen normalizaziorako estrategikoak diren esparru guztietako plan estrategiko proposamena landuko du mahaiak eta eskualdeko hizkuntza politika bateratua diseinatzeko lehen pausoa izango da. 

Oraindik zenbait udal batu behar dira eskualdeko 28 herriek parte hartzeko Tolosaldeko Euskararen mahaian. Prozesuan parte hartu duten eragileak ziur daude udal horiek ere bat egiten dutela TEMren helburuekin eta proposatuko diren estrategiekin eta lan-lerroekin. Izan ere, bilgunean parte hartuko duten erakundeak sinetsita daude euskararen geroak guztion ekarpenaren beharra izango duela eta estrategiak bateratzea eta partekatzea ezinbestekoa dela horretarako. Pauso honen ondotik, Tolosaldeko Euskararen Mahaia izango da helburu horiek egikaritzeko tresna eskualdean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!