«Hemendik aurrera hobetzea dagokigu»

Ataria 2022ko uzt. 5a, 07:59

Tolosaldea trainerua, Euskotren Ligako lehen estropadan, Bilbon. EUSKOTREN LIGA

Tolosaldea traineruak jokatu ditu bere lehen bi estropadak maila goreneko Euskotren Ligan, eta bietan laugarren postua lortu du.

Eskotren Ligako lehen bi estropadak jokatu dituzte, eta Tolosaldea traineruak egin du bere estreinaldia gorengo mailan. Oraingoz bietan laugarren postua lortu dute eskualdekoek.

Aspaldi esperotako hitzordua zen arraunlarientzat, Itxaso Aranburu Tolosaldea traineruko kideak azaldu duenez: «Igoera lortu genuenetik genuen buruan, eta gero eta gertuago ikusi, urduritasuna eta gogoa handitzen joan dira. Bi laugarren postu lortu ditugu, eta zentzu horretan hobetzeko gogoz gaude. Asteburu honetan esan dezakegu urduritasunak bota ditugula. Estreinaldia egin dugu eta dagoeneko badakigu zer den kategoria hau. Hemendik aurrera hobetzen jarraitzea dagokigu».

Larunbatean izan zuten lehen estropada, Bilbon, eta erlojuaren kontra lehiatu behar izan zuten. Danostia Arraun Lagunak izan zen denbora onena egin zuena, ondoren Orio, gero Donostiarra eta azkenik Tolosaldea. «Erreferentziarik gabe joateak alde batetik kentzen dizu besteen presio hori eta zure buruan bakarrik zentratzen zara, baina, bestetik, konparaketa hori kentzen dizu, besteekiko nola zauden. Donostian, berriz, ondoan genituen eta garbiago duzu nola zabiltzan», esan du Aranburuk.

Bi estropadetan hobetzeko gauzak dituztela ikusi dute: «Lehenengo jardunaldian, Bilbon, agian ez ginen espero bezala atera. Irteera eta gero, segituan lasaitu genuen erritmoa eta horrek dezenteko arrakala sortu zuen besteekiko. Gero, bigarren luzean, mantentzeko gai izan ginen, ez genuen gehiago galdu».

Igandean, Donostian, Orio izan zen irabazle, ondoren Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra eta Tolosaldea. «Saiatu ginen hasierako minutu horiek indartsuagoak izaten, eta lortu genuen eta sentsazioak hobeak izan ziren. Azken txanpan ere horrela izan zen, baina tartean ez genuen gure arraunkera lortu eta hor hobetzeko margena dugu. Halere, zortzi segundoko tartea izan genuen larunbatean eta igandean segundo erdikoa. Segundo erdi horrek min ematen du, beraz, arantza hori kendu egin behar dugu; gero eta gertuago gaude», dio Aranburuk.

Lehen asteburuko emaitzen arabera, Orio eta Donostia Arraun Lagunak koskatxo bat gorago daude Donostiarra eta Tolosaldearekin alderatuta. «Ikusita sailkapena eta denborak, garbi dago koska bat dagoela, baina arrauna ere bada hainbat momentu dituen kirola, eta tokatzen zaizkizun kaleak eta egoerak aprobetxatzea ere oso garrantzitsua izaten da», esan du Aranburuk. «Beraz, momentu zehatz batzuetan koska horiek jan daitezke, eta gu horren bila joango gara».

Bigarren asteburuan Galizian izango dira. Lehenengo aldia izango da Tolosaldea trainerukoentzat bertan. «Galizia ez dugu ezagutzen. Badakigu itsasoa nahiko nahasi ibiltzen dela, eta haizea ere izaten dela, eta baldintza gogorrak izango direla. Ostiraletik joango gara eta saiatuko gara baldintza horietara egokitzen», esan du Aranburuk. Igandean egin zuten arraun itsasoan, eta larunbatean ibaian aritu ziren. «Donostian ez ziren sentsazio hain onak izan, baina badakigu itsaso txarrarekin arraun egiten, neguan hori gogor prestatu dugu, eta espero dugu estropadetan nabaritzea, hau da, etxeko lanak eginak ditugula ikustea», zehaztu du.

Aurrera begira, lehenengo helburua «eroso sentitzea» dela esan du Aranburuk: «Ez gara eroso sentitu lehen bi estropada hauetan. Eroso sentitzerakoan eta arraun lasaiago egiten dugunean, uste dugu hirugarren postu hori zer den jakiten hasiko garela. Uste dugu batak bestea ekarriko duela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!