Babestutako edukia

'Kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute' lelopean, Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatuko da bihar

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 1a, 14:30

Gaur aurkeztu dute Bilbon Kooperatiben Nazioarteko Egunaren 100. edizioa; bihar ospatuko da, ohitura den legez, uztaileko lehen zapatuan. Agerraldian "euskal kooperatibismoak herrialdearen garapenarekin duen konpromisoa" azpimarratu nahi izan dute, gazteen artean egindako ikerketa baten emaitzak aurkeztearekin batera. 

Kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute. Hori da, zehazki, 109 herrialdetako 312 erakunde biltzen dituen Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak aurtengo Kooperatiben Nazioarteko Egunerako aukeratu duen leloa. Patxi Olabarria Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakariak bat egin du mezuarekin, eta gaineratu du "parte-hartzea sustatuz" zein "kalitatezko enplegua sortuz", "kudeaketa demokratikoan, berdinzalean eta bidezkoan" oinarritutako eredua dela kooperatibismoa; "pertsonak ardatz" dituen eredua.

Gaur goizean Bilbon egindako agerraldian egin ditu adierazpenok Olabarriak. Berarekin izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Perez Barredo eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakari den Rosa Lavin. Azken honek kooperatibismoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Kooperatibismoa gure lurraldeetako ekonomiaren eta garapen sozialaren eragilea da". Zenbakiz jantzi dute diskurtsoa; gaur egun, orotara 60.000 lanpostu eta 1.450.000 bazkide dituzten 1.400 kooperatibek osatzen dute Konfekoop.

Prentsaurrekoa eman duten ordezkariak, Olabarria, Perez Barredo eta Lavin tartean direla. (Argazkia: Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseilua)

Ikerketa

Kooperatiben Nazioarteko Egunaren bueltan, Mondragon Unibertsitateko, EHUko eta Deustuko Unibertsitateko gazteekin egindako ikerketa bat ere izan dute hizpide. 555 inkesta egin dituzte guztira; % 74k kooperatibei buruzko "nahikoa ezagutza" dutela adierazi dute, eta ia %60k onartu du ereduak "talentuaren zati handi bat erakartzen duela" zein "euskal kooperatibismoa erreferentea dela mundu osoan".

Datu horiek aintzat hartuta, Olabarriak azpimarratu du Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluan erronka bat dutela esku artean: "Gure gazteei ilusioa ematea eta ekintzailetza kolektibora erakartzea, enpresa egiteko beste era batera, balioak dituen eta gizartea eraldatzeko anbizioa duen enpresa batera".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!