Tolosaldea traineruak hainbeste esperotako debuta egingo du larunbatean Euskotren Ligan, arraunaren maila gorenean. Bilbon izango da lehen estropada, zehazki IV. Bilboko Bandera, eta 17:40ean hasiko da. Igandean izango da hurrengo estropada, Donostian, VI. Bandera Fabrika. «Sentsazio onak ditugu, eta arraunlariak gogoz daude hasteko. Orain iristen da politena, onena, eta baita egoera ezezaguna ere beraientzat. Baina ondo gaude», esan du Ramon Erostarbe entrenatzaileak.
Prestaketa «oso gogorra» izan dela gaineratu du Erostarbek, aurreko urtetik aurtengora guztiz aldatu delako: «Euskotren Ligan bi estropada ditugu astebururo, eta aurreko urtean bakarrik pare bat asteburu izan genituen bi estropadekin. Eta psikologikoki ere prestaketa aldatu egin behar da, jende askoren aurrean ariko direlako, telebistak zuzenean ematen duelako, eta beste hiru aurkariak selekzioak direlako. Beraz, iazkoa baino askoz maila handiagoa izango da».
Donostia Arraun Lagunak, Orio eta Donostiarra dira Tolosaldea traineruaren aurkariak. Orain gutxi Gipuzkoako Txapelketa jokatu dute, eta Orio izan da lehen postuan, Tolosaldea bigarren, Donostia Arraun Lagunak hirugarren eta Donostiarra laugarren. «Oso liga estua izango da, eta akatsa egiten duena azken postuan geratuko da, eta denean asmatzen duenak irabaziko du estropada. Irabaztea oso garesti egongo da», gaineratu du entrenatzaileak. «Guk Donostiarrari nahi genion irabazi eta hori lortu genuen. Gustura nago arraunlariek egin zuten estropadarekin, asko borrokatu zutelako postuari eusteko».
Erostarbek Donostia Arraun Lagunak eta Orio ikusten ditu faborito lehen bi postuetan egoteko. «Gure helburu nagusia ligako azken postua ekiditea da», esan du garbi entrenatzaileak. Ligan laugarren eta, beraz, azken postuan gelditzen denak Euskotren Ligara igotzeko lehian ariko diren bi traineruen kontra jokatuko du igoera fasea. Datorren denboraldian, zortzi traineru izango dira Euskotren Ligan. ETE Ligako eta Galiziako Ligako lehen bi traineruak igoko dira zuzenean, eta igoera fasea liga bakoitzeko hirugarrenak jokatuko du.
ALDAKETAK TALDEAN
Iazko urtetik zazpi baja izan dira: Mirian Aizpurua, Eider Barba, Janire Izagirre, Irati Lizeaga, Itziar Rezola, Estibaliz Segurola eta Enara Villena. Traineruan lehenengo urtea dutenak, aldiz, zortzi dira: Maialen Amondarain, Olaia Barriuso, Malen Eskitxabel, Irati Gurutxarri, Arene Lacoste, Garazi Ormazabal, Irene Sierra eta Garazi Sorozabal.
Erostarbe entrenatzaileak gogora ekarri du lehen urtea dela maila gorenean, eta «esperientzia hartu eta lasaitasunez aritu» behar direla: «Kontuan izan behar da gure eskifaiaren batez besteko adina 21 urtekoa dela, eta hurrengo eskifaia gazteenaren batez besteko adina 25 urtekoa dela. Lau urte asko dira arraunaren munduan».
Mireia Vicente arraunlari anoetarra hasieratik dago Tolosaldea traineruan, eta lehiarako gogoz daudela berretsi du: «Sekulako gogoa dugu hasteko. Egia da pixka bat urduri gaudela, baina gogo handia dugu liga martxan hasteko». Ontzi guztiek berdin entrenatzen dutela azaldu du, baina estatxa hartu arte ez dela jakiten nola joango den egun horretako estropada: «ETE Ligan oso ondo ibili gara, baina orain maila bat gorago gaude, eta ikusiko dugu denboraldia nola joaten den».
ESKUALDEKO ARRAUNLARIAK
Euskotren Liga
- Tolosaldea. Itsaso Aizpurua (Zizurkil), Maialen Amondarain (Tolosa), Itxaso Aranburu (Tolosa), Olaia Barriuso (Trintxerpe), Naroa Becerril (Tolosa), Ane Egues (Elduain), Malen Eskitxabel (Pasai Antxo), Irati Gurutxarri (Zarautz), Irati Hernandez (Tolosa), Arene Lacoste (Donostia), Naroa Leonet (Tolosa), Garazi Ormazabal (Tolosa), Malen Oiarzabal (Tolosa), Arene Portularrume (Aia), Irene Sierra (Santurtzi), Aiora Sorozabal (Orexa), Garazi Sorozabal (Orexa), Maddi Urdapilleta (Villabona), Uxune Urkia (Idiazabal), Mireia Vicente (Anoeta), Ane Zelaia (Belauntza) eta Uxue Zuriarrain (Amezketa). Ramon Erostarbe (Pasai San Pedro) da entrentzailea eta Manex Balerdi (Tolosa) laguntzailea.
- Donostia Arraun Lagunak. Ane Sanchez (Anoeta) eta Xubane Uribarrena (Lizartza).
- Donostiarra. Olatz Lopez (Tolosa) eta Nerea Perez (Tolosa).
- Orio. Ohiane Iraola (Tolosa) eta Nagore Urdapilleta (Bidania-Goiatz).
Eusko Label Liga
- Donostiarra. Joseba Larrarte (Villabona) eta Endika Lopez (Tolosa).
- Hondarribia. Jon Lizarralde (Tolosa).
- Ondarroa. Xabier Zabala (Aduna) eta Eneko Zabala (Aduna).
- Orio. Ugaitz Mendizabal (Irura).
ETE Liga
- Hernani. Amaia Belamendia (Bidania-Goiatz), Udane Iraola (Tolosa) eta Eneritz Iruretagoiena (Hernialde).
- Zarautz. Maider Perez (Tolosa) eta Izaro Arregi (Tolosa).
KAE1 Liga
- Orio. Ander Rekondo (Larraul), Adur Tapia (Asteasu) eta Gorka Toledo (Tolosa).
- Sanpedrotarra. Nabil Haimane (Tolosa), Imanol Olasagasti (Aduna), Oier Otegi (Asteasu) eta Mañel Salvarredi (Berastegi).
- Zarautz. Ion Jauregi (Berrobi), Xabier Ormazabal (Tolosa) eta Martin Rekondo (Larraul).
KAE2 Liga
- Donostiarra. Endika Garcia de Iturraspe (Tolosa).
- Lapurdi. Andoni Leunda (Villabona).