Auzolanari eragiten dioten alderdi juridiko eta legalak jorratuko dituzte

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 30a, 14:00

Auzolangin(l)tza proiektuaren barruan formakuntza tailerra izango da bihar, Tolosako kultur etxean, 09:30etik 12:30era.

Auzolangin(l)tza proiektuaren barruan, bi tailer egingo dituzte datozen egunetan. Lehena bihar, uztailaren 1ean izango da, Tolosako kultur etxean, eta bigarrena, uztailaren 15ean, Alkizako Ur Mara museoan.

Eusko Ikaskuntzak, Tolomendik eta Huhezi Koop. E.k, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, pasa den urtean, esperientzia berri bat jarri zuten abian Tolosaldean auzolanaren kulturaren inguruan, beste eremu batzuetara eta lurraldeko beste eskala batzuetara zabaltzeko hasierako urrats gisa. Hala, udalerriak, ekonomia eta garapen eragileak eta eskualdeko elkarte-sareak Auzolangin(l)tza izeneko proiektuan ari dira parte hartzen.

Metodologia ireki, parte-hartzaile eta praktiko bati jarraituz, lanak lau fasetan egituratu dituzte. Lehenengoan, auzolan kontzeptua definitu zuten euskal tradizioan eta gaur egungo errealitatean, bai eta elkarlaneko gobernantzarekin zituen loturak ere; eta bigarren fasean, auzotarren eta elkarlanen kulturaren zerbitzurako tresna gisa definitu zituzten auzolanaren ahalmenak.

Ekainetik uztailera hirugarren fasea egingo da eta, esperientzia praktiko baten bidez, auzolanaren kulturaren eraginkortasuna probatuko da, herritarren eta gizarte zibilaren arteko jarrerak sustatzeko. Horretarako, bi lan saio eta bi prestakuntza tailer egingo dituzte. Lan saioei dagokienez, auzolanean Tolosako Dama Iturri ingurua eta Lizardiren monumentua “kontzienteki” garbitu dute. Lehen egunean Zumardia eta Lizardi elkarteetako helduek hartu zuten parte, eta bigarrenean, berriz, auzolandegietan parte hartzen duten gazteek, belaunaldi arteko zubiak sortuz.

Formakuntza tailerrei dagokienez, bihar, uztailaren 1ean izango da lehena. Tolosako kultur etxean izango da, 09:30etik 12:30era. Auzolanari eragiten dioten alderdi juridiko eta legalen berri emango dute, Tolosako udal idazkari Begoña Garmendiak eta Zabalduz Kooperatiba – Agintzariko Andoni Zulaikak.

Bigarren tailerra uztailaren 15ean egingo dute Alkizako Ur Mara museoan, 09:30etik 12:30era. Kudeaketarekin, sozializazioarekin eta komunikazioarekin lotutako alderdiak landuko dituzte. Deustoko Unibertsitateko Ion Muñoa eta Arantzazulabeko Naiara Goia, Ane Miren Valenciano eta Ione Ardaiz izango dira. Bi tailerretan, hitzaldien ondoren, parte hartzeko dinamikak egingo dituzte.

Udatik bueltan, ‘Auzolangin(l)tza’ proiektuaren baitan jorratu diren gaiak eta irakaspen nagusiak gida praktiko batean bilduko dituzte, auzolanaren kultura zabaltzeko instrumentu praktiko bat sortuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!