Urrunketarekin amaitzeko eskatuko dute beste behin

Irati Saizar Artola 2022ko eka. 30a, 11:59

Abuztuaren 7an hondartzetako mobilizazioak deitu ditu Etxeratek; eskualdeko herritarrei Zarautzera joateko gonbidapena egin diete presoen senideek.

Preso guztiak etxean izatea eta salbuespen politikarekin amaitzea. Bi eskakizun horiek egingo dituzte abuztuaren 7an, Euskal Herriko hondartzetan, Etxeratek deituta egingo diren mobilizazioetan. Gipuzkoan, 12:00etan izango dira hitzordu guztiak, eta Tolosaldeko herritarrei Zarauzko Musika plazan egingo den mobilizazioetan parte hartzeko gonbidapena egin diete, besteak beste, Maribi Beldarrain Aitor Agirrebarrena lizartzar presoaren amak eta Jon Ijurko Etxerateko kideak.

Bi urte dira, tantaka bada ere, presoak gertuko espetxeetara hurbiltzen hasi zirela; lehenik Euskal Herritik gertuen zeuden espetxeetara eta Euskal Herrikoetara gero. Hala ere, Etxerateko bozeramaile den Xochitl Karasatorrek esan duenez, apiriletik ez da mugimendurik egon eta oraindik 65 euskal preso dira Euskal Herritik kanpo daudenak.

Beldarrainek semea Villabonako espetxean du egun, Asturiasen. Lehen Puerton zegoen, Cadizen. Zentzu horretan, "hobeto, baina hala ere etxetik 400 kilometrora" dagoela dio. 400 kilometro joaten eta beste hainbeste bueltan. Duela urtebete izan zen aita Aitor Agirrebarrena euskal presoa eta orain haurrarekin egin behar izaten dituzte bidaiak: "Bidea luzeegia da haur batekin egiteko; hiru hilabete ere pasa ditu aitak haurra ikusi gabe".

Errepideko arriskuak eta gastuek ere hor jarraitzen dute. Haurrarekin doazenetan gaua Asturiasen pasa behar izaten dutela kontatu du, ezin dutelako joan-etorria egun berean egin. "Hotela hartu behar izaten dugu eta gasolina dagoen prezioan egonda, gehiegizkoa da". Bidaia bakarra aprobetxatzen dute familiako bisean bisekoa, bisita intimoa eta lokutorioa egiteko.

Semea gerturatzeko esperantza gehiegirik gabe dago, ordea, Beldarrain: "Urtebetez ohitu ginen ostegun edo ostiraletan mugikorra alboan izaten, nor gerturatuko zuten jakiteko, ilusio horrekin. Galdu egin dut ilusioa, berde ikusten dut kontua".

Pandemiako bi urteak ere gogorrak izan direla dio Xochitl Karasatorrek. "Espetxe zuzendaritzak hartutako neurriak espetxeak guztiz ixtea, bisitak kentzea edota presoak haien komunikatzeko eskubidearen gainetik are gehiago isolatzea izan ziren". Espetxe barruan neurri eraginkorrik hartu ez izana ere salatu du. "Beraiek barruan ez zeukaten inolako neurririk, baina guk ezin genuen bisita bat egin, ezta kristala tartean izanda ere". Espetxeetan, gaur egun, "kostata" bada ere, normaltasuna itzuli dela dio; hala ere, galdutako bisean biseko guztiak berreskuratzea nahiko lukete, lortuko dutenik uste ez badute ere.

Beste aldarria

Salbuespen politikarekin amaitu eta lege arrunta aplikatzeko eskaria ere egin nahi dute hondartzetako mobilizazioetan. "Salbuespen legearekin behingoz amaituko balute, preso gehienak moduren batean edo bestean kalea zapaltzen egongo lirateke", esan du Karasatorrek. Lege arrunta aplikatuta, 151 presok irteera baimena eduki beharko lukete, eta egun, sei preso dira baimenak aplikatuta kalera ateratzen direnak.

122 presok kondenaren erdia bete dutenez, hirugarren gradua dagokie, baina soilik 20 daudela hirugarren graduarekin azaldu du. Eta kondenaren hiru laurdenak bete dituzten presoak espetxetik ateratzen hasi beharko luketela ere gaineratu du; eta momentuz, 52 direla hiru laurdenak beteta dituztenak eta oraindik espetxean jarraitzen dutenak.

Momentu honetan, Etxeratek dituen datuaren arabera, 184 euskal preso daude espetxeetan, 26 emakume eta 159 gizon. "Espainian kondena betetzen ari diren presoen zati handi bat Euskal Herrian dago, 101 preso, hain zuzen, baina ezin da ahaztu 65 preso direla Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudenak".

Hori horrela, herritar bakoitzak abuztuaren 7an aletxo bat jar dezala eskatu dute Etxeratetik. "Gure eskuetan dago, neurri batean behintzat, mobilizazioak eginez agintariak presionatzea; gu mugituz, ea haiek ere mugitzen diren; izan dezagun esperantza", esan du Ijurkok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!