Eskualdean da udalerri euskaldunetako gazteen udalekua

Ataria 2022ko ekainaren 28a

Salto udalekuak leaburu 5 1656420073263
Salto udalekuak leaburu 1 1656420071008
Salto udalekuak leaburu 2 1656420071894
Salto udalekuak leaburu 3 1656420072304
Salto udalekuak leaburu 4 1656420072784
Salto udalekuak leaburu 6 1656420073685
Salto udalekuak leaburu 7 1656420074099
Salto udalekuak leaburu 8 1656420074525
Salto udalekuak leaburu 9 1656420074952

Salto! udalekuak hasi ziren atzo; Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatzen ditu eta astebetez Etxarri Aranatz eta Tolosatik Leitzarako bidea egingo dute. Gaur Alkizatik Leaburura joango dira, eta bertan emango dute eguna.

Atzo hasi ziren Uemak antolatzen dituen Salto! udalekuak. Udalerri euskaldunetako 15 eta 18 urte arteko 100 bat gazte ari dira parte hartzen eta bi zutabetan abiatu zuten egonaldia; Etxarri Aranaztik eta Tolosatik. Gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da ekimenaren helburua, eta horretarako egitarau oparoa antolatu du Uemak, udalekin eta hezitzaile taldearekin batera. 

Atzo Tolosatik abiatutako zutabeari udalak eta Galtzaundi Euskara Taldeak egin zioten ongietorria Tolosan eta bisita gidatua egin zuten herrian zehar. Etxarri Aranazkoei ere udalak eta euskara batzordeak egin zien harrera.

Tolosaldean bihar arte egongo dira. Tolosa eta Alkiza artean eman zuten atzoko eguna,  gaur Leaburu-Txaraman daude; eguerdian, suziria jaurtiz egin diete harrera Leaburuko plazan udal ordezkariek eta arratsaldea eta gaua bertan pasatuko dituzte. Bihar, Berastegira iritsiko dira.

Salto! udalekuak Uemaren ekimena diren arren, beste zenbait erakunde publikoren lankidetza eta laguntza izaten du. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu du topaketa, beste behin ere. Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen hitzetan «udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek normalizazio prozesuan berebiziko garrantzia dute, eta baita udalerri hauek zaintzeko berariazko hizkuntza politikek ere. Ildo horretan Uemak egiten duen lana eta soziolinguistika edukiak gazteen artean zabaltzea giltzarria da».

Goizane Arana Uemako teknikariak eta udalekuen arduradunak esan du ezagutzaren eta erabileraren arteko koska leuntzeko, ezinbestekoa dela kontzientziazioa. «Argi ikusten dute hori guztiek eta, beraz, baita topaketa hauek antolatzeko behar dugun laguntza eskaini ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!