LGTBI+ komunitateari keinua egingo diote

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 28a, 07:59
Iaz Olaederra kiroldegiko hesiak margotu zituzten.

Murala margotuko dute gaur Villabonan, bihar ‘Zarata’ proiektua izango da Iruran, eta etzi, ‘Anarquia relacional’ antzezlana Tolosan.

1969ko ekainaren 28an errebolta bat izan zen New Yorkeko Greenwich auzoko Stone Wall tabernan, eta gertakari haren ondorioz, gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualen askapen-mugimendua sortu zen. 1985. urtean, Stone Wallen gertatutakoak sinbolo bihurtu ziren, eta ekainaren 28a Gay Harrotasunaren Egun izendatzea erabaki zuten. Gerora, beste sexualitate anitz batzuekiko aitormena, ikusgaitasuna eta aldarrikapena ere gehituz joan dira, hala nola,  lesbianak, transexualak, transgeneroak, bisexualak eta intersexualak. Bada, LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta egunarekin bat eginez, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Tolosaldean gaurko egunaren bueltan.

Iruran, esaterako, Esnatu naiz kabareta izan zen ikusgai atzo. Antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen ikuskizunak identitatea, giza-harremanak eta sexualitatea ditu hizpide. 

Gaurkoan, bestalde, Harrotu eta margotu! lelopean Lurgatz Asanblada Feministak eta Akain Talde Feministak deituta mural bat margotuko dute Olaederra kiroldegian, 18:00etan. 

Bihar, berriz, LGBTI+ kolektiboaren parte diren hamar euskal artisten ahotsak entzungo dira, kolektiboaren inguruan kontzientzia sortzeko helburuz, Zarata proiektuan, Irurako kulturunean, 16:30ean. 

Hurrengo egunean, hilaren 30ean, Anarquia Relacional antzezlana izango da ikusgai, Tolosako Topic zentroan, 19:30ean hasita. Mila Espiga eta Belen Cruz dira antzezlaneko aktoreak.


Adierazpena onartuko dute
Bestalde, gaur Amasa-Villabonako udaletxean egingo duten osoko bilkuran LGTBI+ Komunitatearen Eguneko adierazpena onartuko dute, beste hainbat udaletan egingo duten bezala.

Eta egunarekin bat eginez, beste urteetan egin bezala, Tolosako Zerkausia LGTBI+ banderaren koloreez koloreztatuko du Tolosako Udalak uztailaren 3ra arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!