Lau greba egun gehiago egingo dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 27a, 10:21
Martxoan egin zuten greba egunaren harira, Trianguloa plazan egin zuen elkarretaratzea ELA sindikatuak.

ELA-k bilera batera deitu zituen Aldundia eta patronalak apirilaren 5ean, hitzarmen berri bat sinatu eta gatazka konpontzeko asmoz, baina Aldundia ez zen agertu, eta patronalek, negoziazioa zapuztu zuten. Ekainaren 30ean, eta uztailaren 1ean, 14an eta 15ean izango dira lanuzteak.

ELA sindikatuak greba egingo du Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, eguneko zentroetan eta tutoretzapeko etxebizitzetan; ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, 14an eta 15ean izango dira lanuzteak. Langileek mobilizazioak indartzearen aldeko apustua egin zuten joan den asteko batzarrean, patronalek sindikatuak bultzatutako negoziazio bidea zapuztu ondoren. "Bost urte igaro dira lehen negoziazio mahaia martxan jarri zenetik, 258 greba egun (martxoaren 24an izan zen azkena); hala ere, gatazka konpondu gabe dago oraindik. Patronalek eta Aldundiak ez dute urratsik egin egoera hori konpontzeko. Hala erakutsi dute azken asteotako negoziazio mahaietan", esan dute sindikatutik.

ELA-k bilera batera deitu zituen Aldundia eta patronalak apirilaren 5ean, hitzarmen berri bat sinatu eta gatazka konpontzeko asmoz. Hala ere, Aldundia ez zen agertu, eta patronalek, zenbait bileraren ondoren, negoziazioa zapuztu zuten ekainaren 13an egindako bileran. Bi puntu kentzeko eskatu zuten ELA-ren proposamena baloratu ahal izateko: sektoreko hitzarmena enpresetara pasatzea eta aurreko urteetako atzerapenak eskatzea. "Argi dago Aldundiak eta patronalek ez dutela borondaterik sektore horretako egoera larria hobetzeko", deitoratu du sindikatuak.

Sektorea 6.000 langilek osatzen dute, ia gehienak emakumeak, eta langile gehienek enpresa pribatuetan lan egiten duten arren, zerbitzuaren %90 Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du. ELAk gogorarazi du pandemia garaian langile horiek lehen lerroan egon direla, eta orain egoera ez dela hobetu, kontrakoa baizik. "Lan kargak pandemiaren aurretik baino handiagoak dira, lanpostu asko ez dira bete, lan erreformak eragindako prekarietatea handitzen ari da eta langileek ez dute erreparazio emozional kolektiborik jaso. Horietako asko erresidentziak uzten ari dira, haien lan baldintzak jasanezinak direlako. Egoera horrek ondorio larriak ditu lan baldintzetan eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan”, salatu dute.

ELA-k iragarri du patronalek eta Aldundiak gatazkaren konponbidean pausorik eman gabe jarraitzen badute, greba eta mobilizazioak areagotuko dituela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!