Urteko gaurik laburrena, suaren bueltakoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko eka. 23a, 07:58

San Joan sua piztuko dute gaur eskualdeko herri gehienetan; otorduez gain, dantza, antzerki eta musika saioak ez dira faltako.

Anoetan festak ospatu ondoren, Abaltzisketan, Belauntzan eta Tolosan gaur hasiko dira San Joan jaiak; egitarau zabala antolatu dute datozen egunetarako. Sanjoanak, ordea, jai bereziak dira eskualdeko herritar guztientzat; horregatik, hiru herri horietan ez ezik, gutxienez beste 20 herritan ere piztuko dute gauean San Joan sua.

Ohitura honek udako solstizioarekin erlazionatutako ospakizun paganoan du jatorria. Udako solstizioa urteko egunik luzeena eta gau laburrena gertatzen denean ematen da; aurten, ekainaren 22a izan da. Hala ere, gaur egun, erlijio katolikoa dela eta, ekainaren 24an ospatzen da.

Garai honetako ohitura ezagunena, arestian esan bezala, baserri inguruetan eta herriko plazetan sua piztea da. Bertan erretzen dira zuhaitz adar eta traste zaharrak, garbikuntza-berrikuntza sinesmenekin, jai giroan ospatzen den gau magikoan. Badira zenbait sinesmen honakoa diotenak: su horrek fenomeno naturalen aurkako ezaugarri babeslea du eta su-garretatik ateratzen den keak zenbait gaixotasun sendatzen ditu.

Gaur, beraz, festa handia izango da eskualdeko herri gehienetan. Sua piztu ondoren, musika, dantza edo antzerki saioak izango dira. Zenbaitetan, gainera, mokadu bat jateko bilduko dira herritarrak, sua piztu aurretik.

EKAINAK 23 ESKUALDEAN
  • Abaltzisketa
    • 21:15. Abaltzisketako txalburu jaitsiera.
    • 21:30. San Joan sua.
    • Ondoren. XXXII. San Joan dantza eta soka dantza.
    • Jarraian. Erromeria Izer eta Alabierrekin.
  • Aduna
    • 20:30. San Joan sua piztea.
    • Ondoren. Herritarren afari-merienda; udalak barrikotea eskainiko du.
  • Albiztur
    • 20:30. Arkaitz elkartearen eta udalaren eskutik, mokadutxoa.
    • 22:00. San Joan sua piztea; aurretik, herriko gaztetxoen dantza emanaldia.
  • Alegia
    • 21:00. San Joan sua piztea plazan, Sutarri dantza taldearen eta Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzen parte hartzearekin.
  • Alkiza
    • 20:00. Afaria plazan, eskolako gurasoek antolatuta.
    • 21:30. San Joan sua piztea.
  • Altzo
    • 21:00. Solstizio festa, plazan: dantza, abesbatza, sua eta zahagi ardoa.
  • Amasa-Villabona
    • 22:00. Udako solstizio gaua: Jon Iñaki Ormazabal eta Ramon Balerdi eskultoreen Gizatasunetik jainkotasunera arte ekintza.
    • Ondoren. Basoko pertsonaien solstizio antzerkia.
  • Anoeta
    • 18:00. Buruhandi eta erraldoiak, txistulariekin.
    • 20:30. Herri afaria plazan.
    • 22:15. Txalapartariak eta festa suaren inguruan, aho-soinuarekin.
  • Asteasu
    • 21:00. San Joan sua piztea eta dantza emanaldia.
  • Belauntza
    • 16:00-18:00. Puzgarriak frontoian.
    • 21:00. San Joan sua piztea.
  • Berastegi
    • 21:00. Herri afaria.
    • Ondoren. San Joan sua piztea eta San Joan dantzak, eskola atarian.
  • Berrobi
    • 22:00. San Joan sua piztea; akerrak adarra joz emango du abisua.
    • Ondoren. Dantza saioa.
  • Bidania-Goiatz
    • 20:00. Afari-merienda parkean, norberak eramanda.
    • 22:15. Eñaut Elorrietaren Irteera argiak saioa, San Bartolome elizan.
  • Elduain
    • 20:30. Mokadutxoa plazan norberak eramanda (edariak, zentrotik).
    • 22:00. San Joan sua piztea; suaren inguruan dantza egiteko aukera.
  • Gaztelu
    • 22:30. Afaria frontoi txikian.
    • Ondoren. San Joan sua piztea eta dantza saioa suaren inguruan.
  • Hernialde
    • 20:00. Zahagi ardoa.
    • 21:30. Akelarre-Zirku ikuskizuna Intujai Teatro konpainiaren eskutik.
    • Jarraian. San Joan sua piztea.
  • Ibarra
    • 20:30. Herri afaria.
    • 21:30. San Joan sua piztea, Alurr Dantza Taldearen eskutik.
    • 22:00. Dantza, suaren inguruan.
    • Ondoren. Erromeria.
  • Ikaztegieta
    • 19:00. Erre, aldarri bat bertsoz ikuskizuna, kiroldegian.
    • 21:00. Zahagi ardoa eta San Joan sua, plazan.
  • Irura
    • 19:00. Loatzo musika eskolako txistularien kalejira.
    • 20:00. Barrikotea, San Joan sua piztea, eta Lats dantza taldearen eta Onintza abesbatzaren saioak, San Migel plazan.
  • Larraul
    • Arratsaldean. San Joan sua piztea, herritarren laguntzarekin.
    • Gauean. Afaltzeko mahaiak egongo dira.
  • Lizartza
    • 20:00. Herri afaria (norberak berea).
    • 22:00. San Joan sua piztea, plazan.
    • 22:05. Otsolar dantza taldearen emanaldia.
  • Orendain
    • 21:00. San Joan sua piztea.
    • Ondoren. Zahagi ardoa. Jana, norberak eramanda; edaria, udalak.
  • Tolosa
    • 19:00. San Joan su txikia haurrentzat, Plaza Zaharrean, udal musika eskolako ikasleen bandarekin.
    • 22:00. San Joan sua piztea eta sorgin dantza Larramendi auzoko San Joan plazan.
    • 22:00. San Joan sua piztea Andre Maria Plazan, udalbatza bertan dela.
    • Ondoren. Tolosako Udal Musika Banda, Udaberri dantza taldea eta Hodeiertz abesbatza.
  • Zizurkil (Herrigunea)
    • 19:00. Musika frontoi txikian.
    • 20:00. Afaria frontoi txikian (bakoitzak eramanda).
    • 22:00. Kixmiren agerraldia herrigunean zehar, musikaz lagunduta.
    • 22:15. San Joan sua piztea eta dantza, udaletxe aurrean.
    • Ondoren. Txokolatea.
  • Zizurkil (Elbarrena)
    • 20:00. Ibilaldia Joxe Arregi plazatik abiatuta, piztuko dituzten suak ikusteko: Uliazpin, Ekarpen gunean, Azken Portun eta Ihartza auzoan.
    • 22:30. Joxe Arregi plazako sua piztuko da, eta San Joan dantza egingo da suaren inguruan.
    • Ondoren. Mokadutxoa, parte hartzaile guztientzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!