Eskualdeko bost bertsolari ariko dira 2022ko Txapelketa Nagusian

Jon Miranda Labaien 2022ko eka. 22a, 17:00

Irailaren 24an Getxon abiatuko da txapelketa 14 saio izango dira guztira; 42 bertsolarik hartuko dute parte eta saioetarako sarrerak gaurtik aurrera salgai izango dira.

Irailaren 24tik abenduaren 18ra jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Aurten lehenengo aldiz Iruñan ospatuko den finalaren aurretik, 13 saio egingo dituzte, bakarra ere ez Tolosaldean. Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarren txapelketa da aurtengoa, pandemiak eraginda, aurrekotik bost urtera datorrena. «Egoerak hobera egin badu ere, lanean jarraitzen dugu plaza biziberritzeko asmoz», esan dute elkarteko kideek txapelketaren aurkezpenean.

42 bertsolari dira denera Txapelketa Nagusian parte hartuko dutenak. Aurreko finaletik sailkatu dira eta finalaurrekoetan hasiko dira txapelketan, Maialen Lujanbio txapelduna, Aitor Mendiluze txapeldunordea, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Iruran bizi den Mendiluzek finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioan kantatuko du, Durangon, azaroaren 12an.

Gainerako 36 bertsolarik beren herrialdeko txapelketan lortu dute txartela. Gipuzkoatik parte hartuko dutenen artean Tolosaldeko Oihana Iguaran, Unai Mendizabal, Beñat Iguaran eta Haritz Mujika daude. Mendizabalek txapelketako lehenengo saioan kantatuko du, irailaren 24an Getxon; Oihana Iguaranen txanda izango da urriaren 1ean Gotaine-Iribarnen; eta biharamunean, Gasteizen arituko da Haritz Mujika; Beñat Iguaranek, berriz, urriaren 8an kantatuko du Donostian. 

AITOR MENDILUZE GONZALEZ
(Irura, 1973)

2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian txapeldunorde izan zen; 2001etik final guztietan aritu da, zazpigarren parte hartzea izango du beraz. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ere birritan irabazi du: 1995ean eta 2007an. 

OIHANA IGUARAN BARANDIARAN
(Amasa, 1991)

2011n hartu zuen parte lehenengoz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. 2015ean finalera iritsi zen eta gero 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian aritu zen, finalaurrekoetan. 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan bosgarren egin zuen.

UNAI MENDIZABAL JAUREGI
(Zizurkil, 1992)

2016an Mikel Laboa, Erniarraitz eta Lizardi Sariketak irabazi zituen eta 2017an Osinalde Sariketa irabazteaz gain Gipuzkoako Herriarteko txapeldun izan zen Karidadeko Benta taldearekin. Lehenengo parte hartzea du Txapelketa Nagusian.

BEÑAT IGUARAN AMONDARAIN
(Amasa, 1988)

2017an parte hartu zuen lehenengo aldiz Txapelketa Nagusian; Gipuzkoakoan 2015ean eta 2019an parte hartu du eta 2017ko herriarteko finalean kantatu zuen Am...ona! taldeko kide gisa. Txapeldunorde geratu zen talde hura. 

HARITZ MUJIKA LASA
(Asteasu, 1995)

2015 eta 2019an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen, bigarren horretan, finalaurrekoetara iritsiz. 2017an Gipuzkoako Herriartekoan txapeldun geratu zen. Lehenengo aldiz parte hartuko du Txapelketa Nagusian. 

 

Bertsolariez gain, gai-jartzaile taldean parte hartuko dute Imanol Artola Felix amezketarrak eta Ion Zaldua billabonatarrak. Epaile taldean ariko da, berriz, Zigor Leunda billabonatarra.

Imanol Artola Arretxe
(Amezketa, 1989)

Gai-jartzaile taldea

Ion Zaldua Brit
(Villabona, 1978)

Gai-jartzaile taldea

Zigor Leunda Eizmendi
(Villabona, 1978)

Epailea

Bertsolaritza «oso bizi»

Bertsozale Elkarteak plazen irakurketa egin du aurkezpen ekitaldian eta esan du datu onak direla azken hilabeteetakoak. «Azken urteetan gertatutakoak gertatuta ere, argi esan dezakegu bertsolaritza oso bizi dagoela euskararen lurralde osoan zehar», aipatu du Idoia Trenor elkarteko koordinatzaileak, eta erantsi: «Txapelketa ez da ekintza isolatu bat, txikitik, egunerokoan eta ahalegin handiz egunero egiten den lanaren ondorioa da». Hezkuntzan, ikerkuntzan nahiz plazan egiten den lana azpimarratu ditu Trenorrek.

Saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian jarriko dira salgai bihartik aurrera. Ekainaren 30era arte, finalerako sarrera bermatuta izango dute Bertsozale Elkarteko bazkideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!