Emakumezkoen Binakako Sega Sail Lehiaketa, lehen aldiz

Ataria 2022ko ekainaren 22a

Igande honetan jokatuko da estreinakoz Emakumeen Binakako Sega Sail Lehiaketa, Almitza Sega Elkarteak antolatuta. Elorrioko Gazeta auzoan izango da, 12:00etan hasita, eta eskualdeko segalari ugarik parte hartuko dute bertan.

Guztira hamabi segalari ariko dira, sei bikotetan. Horrela elkartu dituzte: Irati Astondoa eta Jugatx Agirre berastegiarra; Luixa Uzkudun eta Izadi Arrospide leaburuarrak; Malou Henriksen eta Susana Lopez; Alaitz Imaz hernialdearra eta Graxi Elosegi; Maide Garmendia eta Uxue Iruretagoiena; eta Ainara Otamendi ibartarra eta Angels Breto. Segalari horietatik gehienek amaitu berri den Sega Ligan parte hartu dute. Lehen postua Alaitz Imazek lortu zuen, bigarrena Luixa Uzkudunek eta hirugarrena Malou Henriksenek.

Almitza Sega Elkarteak adierazi duenez, lehiaketa horren bidez aldarrikatu nahi du emakumeak plazetan ez ezik belardietan ere euren lekua egiten ari direla. «Halaber, segalaritza ere hauspotu nahi dugu 12 emakume plazan bilduz».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!