Bi domina lortu ditu Ekaitz Kortajarenak Espainiako Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 22a, 11:57
Ekaitz Kortajarena, ezkerrean, podiumean.

Danok Danenako pultsulariak zilarra lortu du bi denboratan eta brontzea total olinpikoan, absolutu mailan.

Absolutu mailako Espainiako Halterofilia Txapelketa jokatu zen ekainaren 11n eta 12an, eta Danok Danena taldeko pultsularien artean Ekaitz Kortajarenak lortu zituen emaitza nabarmenenak. Zilarrezko domina lortu zuen bi denboratan eta brontzezkoa total olinpikoan. Azpimarratzeko moduko txapelketa egin zuen, pultsulari onenekin batera aritu zen eta azken Munduko eta Europako Txapelketan dominak jantzi zituenak baino ez zuen gainditu.

Susana Davilak «zorigaiztoko» lehiaketa egin zuen, bi denboratako modalitatean zuri geratuz eta ondorioz azkena geldituz. Eki Lizaso ere bi denboratan zuri geratu zen eta Jon Ander Iriartek «hasiberri gisa» lehiatu zuen. Igor Sasiain, aldiz, entrenatu duena kontuan hartuta, bere mailan egon zen, B txandan erraz irabaziz. Finalean 12. postua eskuratu zuen.

Asteburu horretan, Gipuzkoako Junior eta Unibertsitate Txapelketa izan zen jokoan. Danok Danenako pultsulari guztiak izan ziren txapeldunak: Mirari Maqueda 59 kilokoan, Urtzi Lusarreta 67 kilokoan, Ekain Etxeberria 81 kilokoan eta Xabier Amonarriz 89 kilokoan. Maila guztiak kontuan hartuta Amonarriz izan zen txapelduna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!