Bigarren mailako aizkora txapelketako bi kanporaketa

Ataria 2022ko ekainaren 22a

Berastegin eta Belauntzan Gipuzkoako bigarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa bana jokatuko dira asteburuan.

Belauntzan etzi, hilaren 24an izango da saioa. Elizalde pilotalekuan egingo dute kanporaketa, 18:30ean hasita. Bertan Unai Zabala leaburuarrak eta Jesus Mari Mujika ibartarrak parte hartuko dute eta beste lau aizkolariak ondorengoak izango dira: Jokin Urretabizkaia, Julen Gabirondo, Axel Larrañaga eta Yulen Aranberri.

Berastegin igandean, hilaren 26an, izango da kanporaketa, herri kirol jaialdi baten barruan. 12:00etan hasiko da jaialdia, eskola atarian, eta sarrerak 5 euro balioko du 16 urtetik gorakoentzat. Aizkora kanporaketan Ibon Garaiburu herritarra ariko da lehian eta berarekin batera Xabier Zaldua, Andoni Iruretagoiena, Aratz Mugertza, Aitor Urteaga eta Urtzi Olasagasti.

Jaialdian beste proba batzuk izango dira jokoan. Batetik, Gipuzkoako Txinga Txapelketa, Lierni Osa, Ane Urresti eta Ainitze Zumetarekin. Bestalde, Malen Barrenetxea aizkolari gazteak bere lehenengo plaza izango du, eta Udane Ostolaza harri-jasotzaile gaztea 63 kiloko koparekin ariko da. Beste saioan, Agerre harri bereziekin nor baino nor ariko dira hiru harri-jasotzaile: Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi eta Jon Unanue Goenatxo III.a. 200 kiloko Agerre harri errektangularrarekin bakoitzak bi minutuko txanda eta 152 kiloko Agerre harri kubikoarekin bakoitzak hiru minutuko txanda.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!