Jardunaldi jarraitua mantentzea nahi dute Aralar Institutuan

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 21a, 15:59

Alegiako Aralar Institutuko ikasle, guraso eta irakasleek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, eta horrez gain 300dik gora sinadura bildu dituzte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari jardunaldi jarraitu nahi dutela eskatzeko. 

COVID-19a dela eta, azken bi urteetan jardunaldi jarraitua izan dute Alegiako Aralar Institutuko DBHko ikasleek, eta ikasturte berrira begira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak goiz eta arratsaldez egitea erabaki duela eta, sinadura bilketa egin du Aralarpean Guraso Elkarteak, eta elkarretaratzea egin dute gaur. 

«Ikastetxeok autonomia izan beharko genuke, komunitate osoaren iritzia aintzat hartuz gure erabakiak hartzeko», esan du ikastetxeko zuzendariak. «Gure komunitateak nabarmen lanaldi jarraituaren alde egin du», eta «emaitza akademikoek ere hobera egin dute», adierazi du. 200 bat ikasle dira eta 300dik gora sinadura bildu dituzte, beraz, familien gehiengo zabal batek jardunaldi jarraituaren alde egin du.  

Aralar Institutuak alboko herrietako ikasle asko biltzen ditu: Amezketa, Abaltzisketa, Altzo, Orendain, Baliarrain, Bedaio eta Ikaztegieta. Guraso elkartetik ere garbi dute beraien seme-alabentzat jarraitua izatea nahi dutela: «Bazkaltzera etxera doaz, eta arratsalde guztia dute ikasteko, lanak egiteko edota eskolaz kanpoko jardueretarako. Askoz egokiagoa da». Zatitua den kasuan, «17:00etan iristen dira etxera eta jada nekatuta daude».

Gainera, herri horietako ikasleak derrigortuta daude jangelan geratzera, eta ondorioz leku arazoak izaten dituzte, bazkaltiar asko elkartzen direlako. Eusko Jaurlaritzari jangelaren egoera behin baino gehiagotan azaldu dietela ere gogora ekarri dute, eta aurreko bi ikasturteetan jarraituarekin jangelaren arazoari irtenbidea eman diotela azaldu dute. Ikastetxea prest agertu da behar gehiena dutenei laguntzeko, baina aldi berean, egiten duten eskaera aintzat hartzea nahi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!