Jardunaldi jarraituaren aldeko mugimendua hasi dute Erniobean

Jon Miranda Labaien 2022ko eka. 16a, 07:59

Lehen elkarretaratzea egin zuten ostiralean eskolan eta bihar egingo dute bigarrengoa; Jaurlaritzako Hezkuntza sailari eskaera formala egin dio Arratzain guraso elkarteak

Aiztondo bailarako DBHko ikasleak biltzen dituen Erniobea ikastetxeko Arratzain guraso elkarteak jardunaldi jarraitua eskatu du datorren ikasturterako, gai horrek bailarako etxe askotan duen eragina ikusita. 08:20ean eskolara sartu eta 14:30ean ateratzea da proposatzen dutena, eta guraso elkarteko kideek azpimarratu dutenez, ikas-komunitatean adostasun maila handia duen eskakizuna da. Oraingoz, ordea, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ez du aukera hori onartu eta horregatik hainbat ekimen antolatu ditu Arratzain guraso elkarteak, jardunaldi jarraitua eskatzen jarraitzeko.

«Ez dugu beste ikastetxeekin eztabaidan sartu nahi, ea besteentzat onena zer den, baina Erniobearen kasuan, oso argi dugu zein jardunaldi motak duen adostasun ia erabatekoa», esan du Jon Aperribai Arratzain guraso elkarteko kideak. Ikastetxetik familiei iaz bideratutako galdetegi batean, erantzuna eman zuten familien %98 agertu zen jardunaldi jarraituaren alde; ikasleen %97 ados agertu zen ordutegi mota horrekin eta baita irakasleen %93 ere. «Hezkuntzako arduradunei ahoa betetzen zaie ikastetxe bakoitzak izan behar duen autonomiarekin, baina gero ez da errealitatean betetzen. Legeak eskatzen dituen klase ordu kopuruak ematen badira, zergatik ezin du ikastetxe bakoitzak bere ordutegia erabakitzeko autonomia eduki?», galdetu du Aperribaik.

Ikastetxe bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartzeko eskatu dute gurasoek jardunaldiaren ordutegia erabakitzerako orduan. Erniobea BHI Aiztondo bailarako ikasleak biltzen dituen eta herrigunetik aparte dagoen ikastetxea da. 300 ikasle inguru dabiltza bertan eta erdiak, gutxi gora behera, autobus zerbitzua erabiltzen du ikastetxera iristeko. «Asteasu, Alkiza, Larraul, Aduna edota Zizurkildik datoz ikasleak. Etena egiteak, ikasleak etxetik kanpo ordu asko pasa behar izatea dakar. Eguerdian bazkaltzera joan nahi duenak joan-etorrietan denbora asko ematen du, eta beraz, jangelan geratzearena, ez da aukera bat, ezinbestean hartu beharreko erabakia baizik».

Nahi baldin badute gaztetxoek etxean bazkaltzeko duten eskubideaz hitz egin du Aperribaik eta gaztetxoen autonomiari egin dio erreferentzia. «Ikasle gazteenek 12 urte dituzte eta badira etxean moldatzeko gai». Gainera, jangela eta bazkal ondorena, «liskar» garaia izan ohi dela azaldu dute guraso elkartetik. Arazo horiei guztiei irtenbidea emateko, soluziobidea jardunaldi jarraitua izan daitekeela uste dute.

HIRU URTEKO ESPERIENTZIA

Ikastetxearen eraikinean egin diren lanengatik, eta osasun egoerak horretara behartuta, azkeneko hiru ikasturteetan jardunaldi jarraitua izan dute Erniobean. Esperientziak ondorioak ateratzeko balio izan diela azaldu du Aperribaik. «Gurasook galdeketan adierazi dugu ordutegi jarraituak eguna hobeto antolatzeko aukera ematen digula. Adibidez, seme-alabek eskolako lanak egiteaz gain, arratsaldean beste jarduera batzuk egin ditzakete, lan guztiak gauean pilatu gabe».

Zenbait irakaslek emandako iritzia ere aipatu du guraso elkarteko kideak. «Esan izan digute jardunaldi jarraitua egon den azken hiru ikasturteetan, 12:40tik 14:30erako azkeneko klaseetan arreta jarrera eta egiten den lana emankorragoa dela, 14:10etik 16:00etara bitarteko klaseetan baino. Bestelako iritziak ere badaude, baina ez digute zehazki gai horren inguruan galdetzen».

Euskal Herri mailan jardunaldi jarraituaren alde antolatuta dagoen plataformarekin harremanetan dago Arratzain guraso elkartea, eta Erniobeako eskakizun zehatza jasoz, eskaera formala helarazi diote Jokin Bildarratz sailburuari. Printzipioz jardunaldi etenari eusten dio Hezkuntza sailak eta Aperribai kontziente da denboraz «justu» dabiltzala. «Hezkuntza sailean horrelako erabakiak aldatzea, esan digutenez, ez da erraza izaten. Etena proposatzen diguten arren, astean bitan ordutegi jarraitua izango lukete ikasleek. Zergatik ezin da asteko bost egunetan jarraitua egin? Zein da horretarako arrazoia? Guk esperantza badugu eta 2022-2023 ikasturterako ez bada, hurrengorako landu nahi genuke kontu hau. Gurasoekin gai hau adostu eta bide bat abiatu nahi genuke Arratzain guraso elkartean».

Horretarako bilera bat egingo dute datorren asteartean, ekainaren 21ean, 18:00etan Erniobea ikastetxean bertan. «Orain arteko diagnosi bat egin eta zein norabide jarraitu erabakiko dugu». Aurretik, ordea, bigarren elkarretaratze bat egingo dute ikastetxeko patioan, bihar, ekainaren 17an, 14:25etik 14:35era. Lehengo ostiralean egindako mobilizazioa jendetsua izan zen eta guraso elkartea eskertuta dago jasotako erantzunarekin. Ikas-komunitate osoa gonbidatu dute bihar egingo duten mobilizaziora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!