Behar Zana, Espainiako kluben artekoan txapeldun

Ataria 2022ko ekainaren 15a

Behar Zanako Eneko Maizek trinketean eskuz banakako finala irabazi du; Ametsa eta Su-Berri pilota elkarteek ere jokatu dituzte finalak, baina ez dute lortu irabaztea.

Asteburuan jokatu dira Espainiako Kluben Arteko Txapelketako finalak, trinketean eskuz, palaz eta xarean. Behar Zanako Eneko Maizek trinketean eskuz banaka hartu du parte eta finala irabazita, Espainiako txapeldun egin du Behar Zana pilota elkartea, Oier Gurutzealderi bi setetan irabazita (15-11 eta 15-10).

Irurako Ametsa pilota elkarteak ere jokatu zuen finala. Kasu honetan, xarean, Julen Zabalegi eta Julen Apeztegiak ordezkatu zuten beraien kluba, baina ezin izan zuten irabazi Plazaola klubeko Arzelus eta Arrosagarai bikoaren kontra. Bi set galdu eta bakarra irabazi zuten irurarrek, 5-15, 15-14 eta 6-10.

Bestalde, Anoetako Su-Berri pilota elkarteko Maider Mendizabal eta Leire Galdos bikoteak palako finala jokatu zuen, eta hauek ere ezin izan zituzten garaitu Errekaleor klubeko Ibañez eta Martin. Bi setak galdu zituzten, 15-3 eta 15-10.

Txapelik gabe, baina pozik

Asteburu honetan Ametsa pilota elkarteak beste hitzordu bat ere izan du: Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Trinketean. Finalak jokatu dira eta gazteen mailan zein kadeteetan, bietan jokatu dute finala irurarrek. Bi partidak galdu dituzten arren, txapelik gabe baina burua tente bueltatu zirela Irurara esan dute Ametsa pilota elkartekoek.

Kadeteetan, Urruñako Unai Telletxea eta Oxan Halsouet bikoak 40-36 irabazi zion Ametsako Oier Maiza eta Aimar Heras bikoteari. Bestetik, gazteen mailan, Urruñako Arrizabalaga eta Vila bikoteak ere emaitza berarekin, 40-36, irabazi zien Ametsako Julen Zabalegi eta Oier Iturberi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!