Bizikletak konpontzeko gune irekia jarriko dute Zumardiaundian

Ataria 2022ko ekainaren 14a

Bizikletak konpontzeko eta lan hori egiten ikasteko gune irekia jarriko dute Zumardiaundian. Gurpilgunea izena du eta ikasturte berrian irekiko dute.

Bizikletak konpontzeko eta lan hori egiten ikasteko herritarrei zabalik egongo den Gurpilgunea espazioa hasi da itxura hartzen. Eskualdean mugikortasun jasangarria sustatzeko estrategian ezarritako puntuetako bat da, Tolosaldea Garatzenek eta Zumardia elkarteak sustatua, eta Tolosako Udalaren eta Tolosaldeko Mankomunitatearen laguntza du.

Gurpilgunea Zumardiaundian egongo da eta bizikleten inguruko eskualdeko espazio erreferente bihurtzea da helburua, Tolosaldea Garatzenek azaldu duenez. Kutsadura maila jaisten lagunduko duen mugikortasun jasangarriagoa sustatu nahi dute, bizikleten birziklapen eta berrerabilpena indartuz. Izan ere, konponketarako tailer irekiaz gain, oinarrizko prestakuntzarako ikastaroak ere antolatuko dituzte bertan, Zumardia elkarteak dinamizatuta. Ez hori bakarrik, gerora, irteerak, truke-azokak eta bestelako ekintzak ere antolatu nahi dituztela aurreratu dute. Jasangarritasuna oinarrian duen proiektua izanik, edukiontzi berrerabilgarriekin ari dira gunea osatzen eta hurrengo asteetan egokitzapen eta atontze lanak egingo dituzte, ikasturte berrian erabilgarri izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!