Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxea eraikitzen hasi dira

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 14a, 07:59

Emakumeen Etxea diseinatzeko egin den prozesu parte-hartzaileari jarraiki, Emakumeen Etxearen irudia sortzeko lehiaketa irekia abiarazi du udalak.

Proiektua elkarlanean zehazteko partaidetza prozesua amaituta, gaur bertan hasi dituzte Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxea, eraikitzeko lanak. Tolosako Inpernu kaleko 5, 7 eta 10 zenbakietako lokaletan eraikiko da, elkarren ondoan dauden bi lokaletan. Era berean, lokalak egokitzeko eta bertako plaza eraberritzeko obrak ere egingo ditu Tolosako Udalak.

Guztira, 600 metro karratu izango ditu etxeak eta hainbat espazio: harrera-gunea, egongela, areto nagusia, askotariko gelak, bilera gelak, bulegoak... espazioa erakargarriagoa egiteko, kanpoaldeko itxura eraberrituko dute eta bateratasuna emango die, material berdinak erabilita, bi lokalei zein kanpoko plazari. Espazio malgua izango da, erakargarria eta irekia, askotariko erabileretarako. Espazio txiki zein pribatuak ere izango ditu.

Lanak faseka egingo dituzte. Lehenik aurreko lokala egokituko dute eta 2023ko urtarrilerako prest izatea aurreikusten dute. Ondoren, atzealdeko lokala eta plaza eraberritzeko lanak egingo dituzte, eta, aurreikuspenen arabera, hauek otsailerako amaituko dituzte.

Urbycolan SL enpresak egingo ditu lanak eta zortzi hilabeteko iraupena izango dute. Obrak 597.709,22 euroko aurrekontuarekin esleitu dira (BEZ barne). Aldi berean, altzarien horniketari dagokion esleipena abiatu du udalak, 85.000 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).

1.500 euro, irabazlearentzat

Andragora diseinatzeko aurrera eraman den prozesu parte-hartzaileari jarraiki, eskualdeko Emakumeen Etxearen irudia sortzeko lehiaketa irekia abiarazi du udalak. Tolosaldean bizi diren edo Tolosaldean jaio diren 16 urtetik gorako emakumeek parte hartu dezakete logotipoaren eta nortasun kolektiboaren sorreran.

Lehiaketan parte hartzeko, honako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek: logotipoa, logotipoari buruzko memoria, nortasun kolektiboaren oinarrizko eskuliburua, eta logotipoa paperezko euskarrietan, prentsa idatzian, argitalpenetan eta abarretan aplikatzeko adibideak. Berdintasuna@tolosa.eus helbidean aurkeztu behar dira lanak, eta irailaren 30a izango da horretarako azken eguna. Lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du.

Oinarriak hemen kontsultatu daitezke, eta zalantzaren bat izanez gero, berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi edo 943 67 03 83 telefonora deitu behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!