Elite mailako lehen garaipena lortu du Eukene Larrartek, errepidean

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko eka. 13a, 13:16

Txirrindulari tolosarra azkarrena izan da Valladoliden jokatu den III. Rosa Bravo Sarian. Bestetik, Gorka Sorarrainek afizionatu mailako lehen garaipena lortu du, Berriatuan, eta Unai Zubeldia bikain ari da 23 urtez azpiko Italiako Giroan.

Eukene Larrartek elite mailako bere lehen garaipena lortu du, errepidean. Txirrindulari tolosarra azkarrena izan da Valladoliden jokatu den III. Rosa Bravo Sarian. Esprintean erabaki da garaipena, eta azkenean, Larrarte izan da azkarrena; Aranza Villalon eta Isabel Martin sailkatu dira bere atzetik. «Inoiz egin dudan esprint luzeena iruditu zait», esan du Larrartek helmugan.

Iaz, bigarren izan zen proba berean, eta aurten, arantza kentzea lortu duela aitortu du: «Garaipen oso berezia da. Lan handia egin behar izan dugu ihesaldian sartu garen txirrindulariok, baina taldekide baten laguntza izan dut, eta beraz, urduri nengoen, banekielako garaipena lortzeko eguna izan zitekeela».

Sorarrain ere garaile

Larunbatean, afizionatu mailako Euskaldun Torneoan, XLI. San Gregorio Saria jokatu zen Berriatuan (Bizkaia), eta bertan, Baque Team taldeko Gorka Sorarrain tolosarra izan zen azkarrena. Esprintean erabaki zen garaipena, eta azkenean, Ander Ganzabal (Eiser-Hirumet) eta Mulu Hailemichael (Caja Rural) baino azkarragoa izan zen Sorarrain. Larunbatean (15:00) izango da txapelketako azken proba, Tolosan, Oriako Txirrindulari Eskolak antolatuta. 23 eta 27 urtez azpiko txirrindulariak ariko dira Jose Mari Anzaren Oroimenezkoan.

Zubeldia, gazte onena 23 urtez azpikoen Italiako Giroan

Unai Zubeldia (2003, Ibarra) Laboral Kutxa taldeko txirrindularia, 23 urtez azpiko Italiako Giroko bigarren etapa jokatu ondoren, gazteenen (lehen mailakoen) sailkapeneko txirrindulari onena da une honetan, eta beraz, maglia zuria jantzita atera da gaur. 15 herrialdeetako 35 talde ari dira parte hartzen Giroan, eta Laboral Kutxa taldeko gainerako txirrindulariak Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi, Ailetz Lasa eta Iker Mintegi dira.

Gaurkoa mendiko lehen etapa handia izaten ari da. Bigarren mailako bi mendate eta lehen mailako eta maila bereziko mendate bana igo behar dituzte, 5.000 metroko desnibel positiboarekin. Lasterketa larunbatean jokatuko den zazpigarren etaparekin amaituko bada ere, seigarren etapan erabakiko dela aurreikusten dute, maila bereziko Colle Fauniera mendatean amaituko baita: 21,2 kilometroko luzera eta bataz besteko %7,5eko malda du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!