Barakaldako erailketa salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte

Ataria 2022ko eka. 13a, 10:01

Barakaldon izandako erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur eta bihar, eskualdean. Gaur Tolosan egingo dute elkarretaratzea eta bihar, Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian eta Anoetan egingo dituzte.

Tolosan 19:00etan elkartuko dira gaur, Trianguloa plazan, Tolosako Asanblada Feministak deituta. Eta bihar bi mobilizazio izango dira, bat Aiztondoko mugimendu feministak eta Akain eta Lurgatz talde feministek deituta, Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian 19:30etik aurrera; eta bestea, ordu berean, Anoetako plazan bertako mugimendu feministak deituta. Amasa-Villabonako eta Anoetako udalek bat egin dute antolatutako elkarretaratzeekin. Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista lelopean egingo dituzte protestak, 2003tik Euskal Herrian indarkeria matxistak eraildako 114. emakumearen heriotza salatzeko. Izan ere, Barakaldon ama hil izana leporatuta 53 urteko gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak aurreko ostegunean.

Zehazki, emakumezkoa apirilaren 26an zendu zen, Gurutzetako ospitalean, Barakaldon. Semeak orduko hartan emandako bertsioaren arabera, emakumea erori egin zen, eta horrek eragindako lesioengatik hil zen gero. Ordea, erietxeko osasun langileek indarkeria zantzuak sumatu zizkioten hilotzari, eta auzi medikuei eman zieten abisua. Auzitegi medikuak gorpuari egindako analisiak indarkeria zantzuak baieztatu zituen, eta, Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiak hala eskatuta, ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak. Ikerketa horri segika, semea atzeman zuten aurreko ostegunean ertzainek, lesioak hark eraginak zirelakoan eta, beraz, ama hil izanen lukeelakoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!