Eskaeraren araberako taxi zerbitzuak Tolosaldeko herriak lotuko ditu

Irati Saizar Artola 2022ko eka. 10a, 13:04
Berrobin aurkeztu dute proiektu pilotua, gaur goizean, David de Miguel, Rafaela Romero eta Ander Iturrik.

Uztailean zehar jarriko du martxan proiektu pilotua aldundiak; Lurraldebusen Alegia, Altzo, Orendain, Baliarrain, Ibarra, Berrobi, Elduain eta Berastegiko zerbitzuen osagarria izango da.

Uztailean zehar, Lurraldebusen autobus zerbitzuak osatuko dituen proiektu pilotu bat jarriko du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lurraldebusen TO25E (Alegia-Altzo), TO24E (Orendain-Alegia), TO26E (Baliarrain-Alegia) eta TO02 (Tolosa-Ibarra-Berrobi-Elduain-Berastegi) lineak erabiltzen dituztenek izango dute aukera, autobusaren ordutegitik kanpo, taxi zerbitzua eskatzeko. Astelehenetik ostiralera eskainiko da zerbitzua, 09:00etatik 19:00etara, uztail osoan zehar.

Zerbitzua erabili nahi duenak gutxienez ordubeteko aurrerapenarekin deitu beharko du Lurraldebusen bezeroaren arreta telefonora, 900 30 03 40 zenbakira, eta ibilbidea aurrez aipatutako linea horietan osatu beharko du. Lurraldebusen zerbitzu osagarria denez, Mugi txartelaren bidez ordaindu beharko da taxi zerbitzua, beraz, txartelaren erabiltzaileek soilik izango dute zerbitzua eskatzeko aukera. Taxi zerbitzuaren tarifa autobus zerbitzuaren berdina izango da, bere hobari eta guzti.

Tolosa eta Berastegi lotzen dituen linearen kasuan, udako ohiko zerbitzua mantenduko da, eta proiektu pilotuak zerbitzu erregular horrek betetzen ez dituen ordutegiak beteko dituela zehaztu du Ander Iturri Mugikortasun Zuzendariak. Adibide batekin azaldu du: "Erabiltzaile batek Berastegitik 15:00etan zerbitzu bat eskatzen badu, garai horretan autobus zerbitzua dagoenez, zerbitzu erregular horretara bideratuko da erabiltzailea; aldiz, zerbitzua 16:00etarako eskatzen badu, taxi zerbitzua eskainiko zaio, ordu horretan ez dagoelako autobusik eta hurrengo autobusa 17:00etan delako".  

Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuak esan duenez, proiektu pilotuaren helburua "zerbitzurik gabeko orduetan garraio publikoko zerbitzuak indartzea" da. Mugikortasuna "funtsezko eskubidea" izanik, ibilgailu pribatua erabili beharrean garraio publikoa erabiltzeko politikak sustatu nahi dituztela esan du. "Gipuzkoako biztanleriaren zati handi bat landa-eremuetan bizi da, eta ingurune horietan mugitzeko autoa behar da; horrelako proiektuekin gure garraio sistema eta eskaintzen dituen onura guztiak hurbildu nahi dizkiegu herritarrei".

Berrobin aurkeztu dute proiektu pilotua, eta David de Miguel alkateak esan duenez, "biztanleria lurralde guztian finkatu nahi bada, garraio publikoaren maiztasuna malgua izatea eta ahalik eta ordutegi gehien barnebiltzea bermatu behar da".

Behin proiektu pilotua amaituta, Lurraldebuseko teknikariek aztertuko dute erabiltzaileen artean nolako harrera izan duen eta ea etorkizunean orokortu daitekeen. "Harreraren arabera, agian proiektu pilotua abuztura ere luzatu dezakegu, ikusiko dugu", esan du Iturrik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!