Tolosako ikastetxeetako elikagai soberakinen lehen fasea, amaitzear

Ataria 2022ko eka. 9a, 18:00

Neurketak amaitu ostean, ondorioak atera eta elikagai xahuketa murrizteko protokoloak zehaztuko dira ikastetxeetako jangeletan.

Tolosaldea Garatzenek duela bi urte ekin zion eskualdeko ikastetxeetako jangeletako elikagaien xahuketa ikertzeari, Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren barruan. Gaur egungo egoeraren diagnosia egiteaz gain, xahuketa murrizteko eta kudeatzeko beste eredu batzuk planteatzea zen proiektu estrategikoaren xedea. Eta ez bakarrik ingurumenaren eta jasangarritasunaren ikuspuntutik, baita alor sozial, ekonomiko eta juridiko batetik ere.

2020an aurkeztu zen diagnosi hori, eta pandemiak neurketa fasea atzeratu zuen. Bada, 2021-2022 ikasturtean, urrats gehiago eman dituzte: aurreko fasean detektatutako gabeziak zuzentzearekin batera, Tolosaldeko ikastetxeetako elikagai xahuketa neurtzeari ekin zaio.

Modu boluntarioan parte hartzea erabaki duten 13 ikastetxetako jangeletan egin da neurketa, Eusko Jaurlaritzaren babesari esker. Besteak beste, honako ikastetxeek hartu dute parte: Samaniego ikastetxea, Herrikide ikastetxea, Laskorain ikastola, Muñagorri eskola, Alegiako herri eskola eta Aralar institutua, Uzturpe ikastola, Zubimusu ikastola, Pedro Mari Otaño eskola, Zumadi eskola, Irurako ikastola, Anoetako ikastola eta Lizartzako eskola.

Soberan geratu den hondakin organikoa pisatu eta aztertu dute azken hilabeteetan. Jasotako datuen analisia egingo da datozen asteetan, eta hori amaitzean, ikastetxe bakoitzaren beharretara eta indarrean dagoen legedira egokitutako estrategia eta protokoloak proposatuko zaizkie ikastetxeei, soberakinak gutxitzeko helburuarekin.

Hurrengo ikasturtean, berriz, neurketa horiekin jarraituko dute, ezarritako protokoloen egokitasuna aztertzeko, eta balizko egokitzapenak proposatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!