Erreportajea

Jolas lekuak berdetuz

Jon Miranda / Irati Saizar Artola 2022ko eka. 8a, 07:59

Hormigoiari garrantzi gutxiago eta berdeguneari gehiago emateko lanketak egiten ari dira zenbait ikastetxe; jolas lekuak egokitu dituzte, besteak beste, Pedro Mari Otañon, Zumadin eta Laskorainen.

Kanpo espazioak birmoldatu eta gune berdeagoak, hezitzaileagoak, orekatuagoak egiten ari dira azken aldian zenbait ikastetxe. Beharrak identifikatu eta lanketak egin dituzte, besteak beste, Zizurkilgo Pedro Mari Otaño herri eskolan, Amezketako Zumadi eskolan eta Tolosako Laskorain ikastolan.

Pedro Mari Otaño herri eskolan urtero amets bat egiten dute ikasleek. Ikasgelan proposatzen dituzte ikasleek buruan dituzten proiektuak eta bozketa bat egiten dute ondoren gauzatuko den egitasmo hori erabakitzeko.

2017-2018 ikasturtean jolas parke naturala osatzeko ametsa egin zuten ikasleek eta lehenengo lanak egin zituzten hurrengo ikasturtean. Ane Juarez Mendizabal eskolako zuzendariak azpimarratu duenez, hasiera horretan jarritako jolasak ez zeuden homologatuta. "Eskola publikoa da eta patioa irekita geratzen da eguneko 24 ordutan. Bertan dauden jolasak homologatuak izan behar dute, derrigor".

Pandemiagatik eta diru faltagatik duela zenbait ikasturte ikasleek egindako ametsa bete gabe geratu zen, baina aurtengo maiatzean gauzatuta ikusi ahal izan dute. "Kostu dezentekoa du horrelako parke batek", esan du Juarezek. Finantzabide iturrien bila hasita, Ombu familia elkarteak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak horrelako okasioetarako ateratzen dituen diru laguntza deialdiaren berri izan zuen. Aurten eskuratu dute. Otaño herri eskolak, bere aldetik, obrari aurre egiteko diru kopurua jarri du eta Zizurkilgo Udalak ere egin du bere ekarpena.

Parkearen mantenua ere bere gain hartuko du herriko udalak. "Patioaren zati batean landareak landatu ditugu eta egokienak zein izan zitezkeen erabakitzeko herriko lorezainekin hitz egin genuen. Haiek arduratuko dira landareak zaintzeaz". Komunitateari ekarpena egiteko borondatea aipatu du Juarezek: "Umeak umeak dira eta eurenari begiratzen diote, baina saiatzen gara amesten duten proiektu horren onuraduna komunitate osoa izaten".

Jolas parke naturalean enborrak jarri dituzte eta "orekarako gune" bezala izendatu du eskolako zuzendariak. Bi tablero ere kokatu dituzte jolas parkean, ikasleak lasai egoteko eta batetik bestera salto egiteko. Lorategi aromatikoa ere sortu dute. "Jarri ditugun elementu guzti hauei ikasleek beraiek ematen diote erabilpena", esan du Juarezek. "Niretzat garrantzitsuena da ez dela ezer arautua. Kulunkatzeko jolas bat jartzen duzunean, badakizu zertarako den eta nola erabili beharra dagoen. Jolas parke naturalean jarri ditugunak aldiz, aukera ezberdin asko ematen ditu. Ikasleak egon daitezke eserita edo jolasean ibiltzeko. Umeen irudimena eta mugimenduak askotarikoak dira, betiko parkeekin alderatuta".

Ikastetxe handia da P.M. Otaño eta jolas lekuan asfalto asko dutela esan du eskolako zuzendariak. "Oreka bilatu nahi dugu horretan ere, eta elementu naturalei geroz eta toki gehiago egin nahi diogu, jolasek ere ez dezaten berdegunea okupatu eta ahalbidetu dezaten zuzeneko kontaktua naturarekin". Jasangarritasuna da eskolaren oinarria eta geroz eta garrantzi gehiago ematen ari direla azpimarratu du Juarezek. "Urtez urte hartutako konpromisoak betetzen eta gure esku dagoena egiten saiatzen gara".

Ikasleen erabakitzeko eskubideaz aritu da eskolako zuzendaria. "Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleak dauzkagu gure eskolan eta sistema ondo ezarrita dugu, eta denon artean ateratzen ditugu horrelako ekimenak aurrera". Aurreko urteetan amestutakoari esker, besteak beste, oilategia jarri dute eskolaren kanpo espazioan eta ikasgela bakoitzak bere maskota du; hamsterrak, untxiak eta horrelako animaliak zaintzeaz arduratzen dira ikasleak. "Lanketa horretan, baldintzez hitz egiten dute ikasleek, ikasten dute amestu arren dena ez dela posible eta ametsak gauzatzea bera ikaspen prozesu bat da. Ardurak hartu behar dituzte".

Berdeguneak indartuz

Amezketako Zumadi eskolan ere ikasturte honetan egin dute kanpo espazioaren birmoldaketa. Horretarako, kanpo espazioko batzorde bat osatu dute hiru irakaslek eta horietako bat da Mikel Arteaga Zabala amezketarra. Azaldu du ikastetxe inguruko hiru eremu identifikatu eta bakoitzean beharrezko aldaketak egin dituztela, "eremuak ahalik eta gehien aprobetxatu eta berdeguneak indartzeko".

Eskola atzealdean, eskola eta erreka artean, zelai bat daukate, eta errekatik oso gertu egonik, "hezetasun handiko eremua" da, eta "joko gutxi" ematen zuen. Hortaz, ertz batean landareak landatzeko lorategi moduko bat jarri dute, eta beste eremu bat egokitu dute "naturako elementu ezberdinak txertatuz". Batetik, pinu azalak jarri dituzte gune batean eta, bestetik, hartxintxarrak ondoko beste gunean. Haurrei jolasteko "aukera gehiago" ematearren hartutako erabakia izan da, Arteagak esan duenez. Horren alboan, belar gainean, mahai bat jarri dute bi bankurekin.
 
Naturara gehiago gerturatzeko asmoz, ikastetxe ondoan duten berdegune zati bat, "txikia eta bazterrean" geratzen zena hormigoizko eremu batekin konektatu dute. "Altura ezberdinetan zeuden hiri baratze deitzen diogun hormigoizko eremua eta berdegune zatitxoa, eta tartean zuten burdinazko hesia kendu eta egurrezko hesia jarri diogu eta bi eremuak konektatu ditugu arrapala bat eta txirrista bat jarrita". Hormigoizko eremuan belar artifiziala jarri dute.

Hirugarren eremuan kirolari begirakoa izan da egokitzapena. Haur Hezkuntzako eraikinaren azpian, parke txiki bat dago, eta ondoko horman mural bat margotu dute ikasle eta irakasleek elkarlanean, eta rokodromo bat jarri dute. "Beste kirol bat praktikatzeko aukera izango dute horrela haurrek". Arteagak gogorarazi du eskola orduz kanpo ere eremuak zabalik izaten direla, beraz herritar guztientzat zabalik izango direla egokitu berri dituzten eremuak.

Eremu hezitzailea

Hezkuntza eraldaketa garai garrantzitsuan dagoela uste du Iñaki Olaetxea Amonarriz Laskorain ikastolako kudeatzaileak eta duela bost urte hasi ziren Laskorain ikastolaren Sakramentinoetako eraikina birmoldatzen. "Orduan konturatu ginen kanpo espazioari ez zaiola behin ere garrantzirik eman. Beti izan da hormigoizko eremu handi bat eta bertan futbolak izan du zentralitate osoa". Egoera horri buelta emateko gogoz abiatu zuten hausnarketa Laskorain ikastolan eta eskolako patioan naturako elementuei sarbidea emateaz gainera, umeen beste behar batzuk ere kontuan hartu behar zituztela jabetu ziren.

"Egia da kirola eta mugimendua oso garrantzitsua dela, baina ikusten genuen futbolak zentralitate osoa hartzen zuela". Orain arte, Usabalgo eraikinean, esate baterako, lau futbol zelai zeuzkatela nabarmendu du Olaetxeak. "Bi mantenduko ditugu, patioaren izkinetan eta erdigunean plaza batzuk edo gune batzuk sortu nahi ditugu, ikasleak lasai egon daitezen". Beste kirol batzuk sustatu nahi dituzte Laskorainen eta eskaladako gune bat jarriko dute, pilotan ibiltzeko beste bat, psikomotrizitatea lantzeko eremu bat eta ping-pong mahaiak ere jarriko dituzte. "Aniztasuna sustatu nahi dugu, eta kirol ezberdinei lekua egin eta gune horiek ere erabilgarriak izatea nahi genuke, ikasgelan lantzen ari diren hori patioan ere jorratu ahal izaten dezaten".

Pandemiak azkartu du prozesua Laskorain ikastolan. "Koronabirusaren ondorioz kanpo espazioen erabilpena izugarri handitu da. Horretara behartu gaituzte protokoloek. Arauak betetzeko geneukan ihesbideetako bat, ikasgeletatik kanpora ateratzea zen", esan du ikastolako kudeatzaileak.

Kanpo eta barne espazioak elkar lotzeko borondatea dute ikastolako arduradunek eta ez dituzte erabili nahi kanpoko eremuak jolas orduetan bakarrik. Espazio hezitzaileak bihurtu nahi dituzte ikastetxeetako kanpo espazioak ere. "Gure jardun hezitzailearen barruan, orain arte ikasgela barruan egiten ziren hainbat jarduera kanpoan egin nahi genituzke". Eguraldia izan daiteke horretarako traba, Euskal Herrian luzea baita negua, baina Olaetxeak uste du badaudela aukerak eremu hauen balio pedagogikoa bultzatzeko.

Usabalgo ikastolaren eraikinean, 2021-2022 ikasturte hasieran abiatu zuten hausnarketa. Erreka bazterrean dago kokatuta ikastetxea, eta ikastolako arduradunak konturatu dira, ibaiari bizkarra emanez antolatu dutela espazioa. "Bizikleta aparkaleku guztiak erreka ondoan geneuzkan, eremu hori hesitura itsusi batekin geneukan jarrita eta pentsatu genuen espazio hori ere baliatu behar genuela". Ikastolako guraso, irakasle eta ikasle talde bat, arkitekto batzuen laguntzarekin, gaia lantzen hasi eta lehenengo aldaketak egin dituzte ikasturte honetan: "Erreka bistan dago orain, leku zoragarria da, lasaia eta ikasleak bertan patxadaz egon daitezke".

Zuhaitzak landatu dituzte Usabalgo eraikinaren patioan. "Leku goxo eta atsegin batean bihurtu nahi genuke kanpo espazioa", esan du Olaetxeak. Aldaketa gauzatzeko hainbat erronka ere zerrendatu ditu ikastolako kudeatzaileak: "Ikasle asko dauzkagu eta gehienak bizikletan edo patinetez etortzen dira ikastolara. Hori aberastasuna da, mugikortasun eredu hori bultzatu nahi dugu, baina aparkalekuak ahalbidetu behar ditugu horientzat guztientzat. Toki asko okupatzen dute, baina ari gara mota horretako erronkei aurre egiten".

Prozesua bukatzear dute Usabalgo eraikinean. Pauso handiak eman dituzte baina datorren eguberrietarako aurreikusten dute amesten duten patio hori gauzatuta ikusi ahal izatea. Udan egingo dituzte lan horietako batzuk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!