Osasun publikoaren afera

Kalitatezko osasun publikoa lehenbailehen bermatzeko eskatu du TOPAk

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 4a, 12:43

Tolosako Trianguloan elkarretaratzea egin du TOPAk eta eskualdean herritarrek jasotzen duten osasun arreta "eskasa" dela iritzita, egoera gehiago ez luzatzeko eskatu dute. Osasun publikoaren aldarriarekin bete dute plaza.

Herritar ugari bildu dira goizean Tolosako Trianguloan TOPA plataformak deitutako elkarretaratzera. Azkeneko hilabeteotan gauzatu duten kanpainari amaiera eman eta ikasturte amaierako mobilizazioa izan da eguerdian egin dutena. Eskualdean herritarrek jasotzen duten osasun arreta, beste eskualdeetako herritarrek jasotzen dutenaren parekoa ez dela uste du plataformak, eta horregatik, eskualdeak merezi duen arreta eskatu du kontzentrazioan: "Kalitatezko osasun publikoa nahi dugu, orain".

Duela hiru urte, osasun agintariek eta alderdi politikoek, ospitale berri bat egingo zela agindu zutenetik, informazio falta "izugarria" izan dela salatu du TOPAk. "Horrek itxura txarra eman digu", esan dute elkarretaratzean. Hilabeteotan egin dituzten agerraldi publiko eta irratsaioekin, besteak beste, adierazi nahi izan dute eskualdean jasotzen dugun osasun arreta pixkanaka hondoratzen ari dela. "Ezin da itxaron aurreikusita dagoen osasun azpiegitura martxan jarri eta berau kalitatezkoa izan arte, ezin dugu jarraitu arreta kaskar honekin".

Honenbestez, osasun publikoaren aldeko plataformak uste du Invizarekin hitzarmena sinatu aurreko egoerara itzultzea dela egokiena. "Klinikatik eta harekin lotuta dauden zentroetatik jasotzen dugun arretarekin ados egongo ez bagina, hauek Donostiako ospitalean egiteko aukera irekita egotea eskatzen dugu".

Uda aurretik TOPAk egindako azkeneko agerraldia izan da gaurkoa. Uda ondoren, informazio eta mobilizazio kanpaina bat egongo dela iragarri dute plataformako kideek. Kanpainari Kalitatezko osasun publikoaren alde, gaurtik izena eman diote. "Helburua ez da edozein osasun-arreta lortzea, baizik ahalik eta kalitate duinenekoa izatea, Euskal Herriko gainerako eskualdeetan jasotzen dutenaren parekoa. Azken batean haiek bezala guk ere ordaintzen ditugu gure zergak".

Txalo artean eta osasun publikoaren aldeko aldarriekin amaitu da gaurko elkarretaratzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!