Tolosa kanpoan geratu da gomazko paletan

Ataria 2022ko eka. 3a, 11:45

Herriarteko Pilota Txapelketan eskuzko modalitatean bakarrik jarraitzen dute eskualdeko ordezkariek. Tolosak eta Amezketak gaur dituzte itzulerako partidak.

Final-laurdenetan esan dio agur Tolosak Herriarteko Pilota Txapelketari gomazko paletan. Hernaniren aurka 4-2 galdu arren, aukerak bazituzten joaneko jardunaldian lortutako 2-1koari buelta emateko, galdutako partidetan tanto kopuru handia lortu baitzuten. Beotibarren jokatu zituzten itzulerako partidak eta berriro ere 2-1 galdu zuten: banaka 20-14 irabazi, binaka 9-20 galdu eta banaka 7 koadroaren barruan 12-20 galdu.

Eskuzko modalitatean final-laurdenetan murgilduta daude, eta Tolosa eta Amezketa dira lehian jarraitzen duten eskualdeko ordezkariak. Tolosak du aukera gehien finalerdietara pasatzeko, Azkoitiaren aurka 2-1 irabazten ari delako joaneko jardunaldia eta gero. Azkoitian jokatu zituzten partida horiek, eta kadeteetan 22-6 galdu eta jubeniletan eta nagusietan 12-22 irabazi zuen Tolosak. Itzulerako jardunaldia Beotibarren jokatuko dute, gaur, 20:00etatik hasita.

Amezketak oso zaila du aurrera egitea, Oiartzunen aurkako kanporaketan 3-0 galtzen ari baita. Joaneko jardunaldia Amezketako Larrunarri frontoian jokatu zuten, eta kadeteetan 1-22, jubeniletan 14-22 eta nagusietan 7-22 galdu zituen Amezketak partidak. Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan jokatuko dituzte itzulerako partidak, gaur, 18:00etan hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!