Enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntza-plana aurkeztu du Jaurlaritzak

Ataria 2022ko eka. 2a, 12:24

Laguntza programak 600 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua duela zehaztu dute.

Eusko Jaurlaritzak gaur goizean aurkeztu die Tolosaldeko enpresei Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa txiki eta ertainentzako prestatutako 2022eko laguntza-plana. Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean antolatutako ekitaldia Lehiberri Zentroan egin da, eta 30 enpresa inguruk parte hartu dute. Laguntzen aurkezpenaren ostean, enpresek networking egiteko aukera izan dute. Amaitzean, bertako enpresa bat bisitatu dute. 

Cristina Oyon, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun arloko zuzendaria; Leyre Madariaga, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria; Aitor Cobanera, SPRIko Enpresa Sustapeneko zuzendaria, Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia; Maite Subinas, Basque Trade & Investment-eko Enpresa Zerbitzuen arduraduna; Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaria; Txema Fernandez, Ihobeko Ekonomia Zirkularreko zuzendaria;  eta Raul Perez, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria, bakoitzari dagokion arloko programa zehaztu dute, enpresek beren beharretara ondoen egokitzen dena aurkitu dezaten. Ekitaldian Olatz Peon Ormazabalek, Tolosaldea Garatzeneko lehendakariordeak, ere parte hartu du.

Enpresa Txiki eta Ertainentzako 2022ko laguntza-planak 74 programa biltzen ditu eta 600 milioi baino gehiagoko aurrekontua du. Azaldu dutenez, "laguntza horien helburua da ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea, arreta berezia eskainiz Euskadiren garapen inklusibo eta jasangarriari". Aurten I+G+b programetara eta Trantsizio Energetikora bideratutako laguntzak Eusko Jaurlaritzak ETEei zuzendutako laguntza-programen %70 baino gehiago direla zehaztu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!