Kirolean nesken parte hartzea sustatzeko jaio da Aiztondo NKT kluba

Imanol Garcia Landa 2022ko eka. 2a, 19:59

Aiztondo bailaran futbolean jokatu nahi duten nesken bilgune izan nahi du. Billabona eta Danena kluben bultzadarekin sortu da proiektua, eta datorren denboraldian jarriko da martxan, maila guztietan talderen bat izateko helburuarekin.

Jende ugari elkartu da Villabonako Gurea aretoan egindako Aiztondo Neskide Kirol Taldearen aurkezpen ekitaldian. "Ilusio asko dago proiektu honekin bailaran", esan du Ane Lasa klubeko lehendakariak. Ez direla zerotik hasten gaineratu du, Villabonako Billabona eta Zizurkilgo Danena klubek badutelako egina bere ibilbidea. "Abiapuntua, beraz, ez da makala, ahoz aho ere zabaldu da, eta horrek ekarri du jende asko etortzea, eta oso pozik gaude horregatik".

Billabona eta Danena klubek ikusi zuten zailtasunak zeudela maila guztietan nesken taldeak izateko, eta horren ondorioz hasi ziren hitz egiten eta ikusten zer aukera zeuden neskei ibilbide osoa Aiztondon bertan eskaintzeko. Aukera posible bat izan da klub berri bat sortzea, beste bietan oinarrituta, eta horrela jaio da Aiztondo NKT. Zuzendaritza taldean, beraz, Danenako eta Billabonako ordezkariak daude. "Horiek beharrezkoak dira, beraien esperientzia oso ondo etorri delako hasiera honetan. Zuzendaritzako beste kide batzuk berriak dira, eta denon uztartzearekin sortu dugu klub berria", zehaztu du Lasak.

Aiztondoko lau udalen laguntza jaso dute oraingoz proiektu berri honetarako. Hain justu, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu eta Adunako udaletako ordezkariak aurkezpenean izan dira. "Udal guztietara jo genuen, eta egia da proiektua aurkeztu genuenean otsaila edo martxoa zela, eta udalek bere urteko egitasmoak martxan izaten dituzte ordurako", esan du Lasak. "Guk klub bezala laguntza ekonomikoa behar dugu, baina baita ere aldarrikatu nahi dugu berdintasun planak martxan jartzea, gizartean kontzientziazio lan bat egin behar dugula, gure ereduak eta jokatzeko moduak, askotan lehendik ditugunak eta horietaz kontziente ez garenak, aldatzeko. Eta horretarako behar da lan bat egitea gizarte mailan. Gurasoek ikusteko neskek kirola egin dezaketela eta lehiatu daitezkeela. Bide horretan ere udalen laguntza beharrezkoa da".

Gipuzkoako futbol taldeen artean egun %11 inguru direla emakumezkoenak azaldu dute. "Billabonan eta Danenan neurketa hori egin genuen, eta horrela ematen du. Datu latzak dira, beraz badugu zer hobetua eta eskainia, eta hori da gure lana, aurrera egiteko", esan du Lasak.

Aurkezpenean Realeko ordezkari bat ere izan da, Imanol Moyano, eta banderatxo bat eman zien klubeko jokalariei. "Elkarlanak beharrezkoak dira. Reala da gure erreferente bat da, eta horiekin elkarlana oso garrantzitsua da, bai ikasteko, bai prestaketa alorrean sakontzeko", dio Lasak. "Futbolak momentu honetan indarra badu gizartean, Realeko emakumezkoek lortu dituzten emaitzengatik da, eta hori ere prentsan asko azaldu da". Hain justu, Realako jokalaria den Izarne Sarasola ibartarrak bideo bidez Aiztondo NKT zoriondu du eta animoak eman dizkie jokalariei hasiko duten ibilbiderako.

Bost helburu

Aiztondo NKT martxan jartzerakoan bost helburu izan dituzte oinarri. Batetik, taldean jokatzea.  "Adin batzuetan gertatzen da ez dakitela zehazki zer egin nahi duten eta lagunek izena ematen badute animatu egiten direla. Taldean jokatzeak laguntzen du probatzera animatzea, lehen pauso hori ematea. Talde majoa eginez gero eta beraien arteko kohesioak-eta onak badira, horrek asko motibatzen die eta hori lagungarria da", esan du Lasak.

Beste helburu bat gertutasuna da, Aiztondo bertako kluba izatea. "Seme-alabak ditugunok, badakigu zer den batera eta bestera mugitzea, eta familia batzuetzat zaila izaten da hori gauzatzea", azaldu Lasak. Beraz, etxetik gertu kirola egiteko aukera izateak asko laguntzen duela eta familia batzuentzat parte hartzeko beste motibazio bat izango dela uste dute. Kirolak osasunarekin duen lotura da beste helburuetako bat. "Kirolak baditu bere ohiturak eta bere diziplinak, eta uste dut prebentzio arlo bat ere baduela", zehaztu du Lasak.

Helburu nagusietako bat nesken eta emakumeen ahalduntzea da. "Azkenean guk ere sinistu behar dugu gai garela, eta pixkana joan parte hartzen eta gure burua baita ere hor kokatzen", esan du klubeko lehendakariak. "Horregatik animatu nahi ditugu gazteak, eta helduen rola hor oso garrantzitsua da. Herriek ere lagundu behar digute: herriko plazetan neskak jolasten ikustea, edo patinetearekin, baloiarekin... garrantzitsua da".

Azkenik, gizartea heztea dute helburu. "Kirol taldea Aiztondoko parte izango da eta Aiztondok bailara bezala ere lagundu behar digu hori martxan jartzen. Horregatik oso garrantzitsua da udalek eta beste erakundeek egin dezaketen lana, ez bakarrik gure taldearentzat, baita beste kirol talde eta beste ekintza askorentzat. Askotan antolatzen ditugu gauzak genero ikuspegia kontuan izan gabe, eta hori ere kontuan hartzea garrantzitsua da", esan du Lasak.

Zuzendaritza batzordean emakumezko bakarra dago, Ane Lasa bera. "Ahalduntze prozesua ere hor dago. Ez dakigula kirolez esaten dugu; nik oso gutxi dakit, baina gure lana ez dago kirolean edo entrenamenduetan zentratuta, baizik eta honen guztiaren kudeaketan, eta hori edozeinen esku dago. Baina ez dugu gure burua posizio horretan ikusten eta hori da ere emakumeok aldatu behar duguna".

Benjaminetatik senior bitarte

Maila guztietan taldeak izan nahi dituzte, hau da, benjaminetatik hasi eta alebin, infantil, kadete eta senior maila arte. Erdiko guztiak badituzte, baina txikienak zein helduenak une honetan ez. Datorren denboraldirako apustua hori dute, ibilbide guztia Aiztondon egin ahal izatea. Horregatik egin dute orain aurkezpena, datorren denboraldirako deialdia egin eta mezua zabaltzen joateko. Senior mailan zailtasun gehiago egon daitezkeela dio Lasak: "Ikasketek-eta baldintzatu ohi dute entrenamenduetara joatea, eta nahi genuke entrenamenduak eta partidak jokalarien bizitzaren parte izatea".

Klubean izena emateko lehenengo deialdia ekainaren 12a bitarte izango da, taldeen antolaketarekin hasteko. Sare sozialen bitartez egin daiteke izen ematea, klubaren Facebook eta Instagram kontuen bidez sartu daitekeen formularioak betez.

Aurkezpena ere aprobetxatu dute klubaren kamiseta erakusteko. Kamiseta morea izango dute, armarriaren marra beltzarekin. Horrez gain, klubaren lehen bi babesleak aurkeztu dituzte, Gorlan enpresa eta Sarasola sagardotegia. "Espero dugu beraiekin egingo dugun bidea luzea izatea, eta beste batzuk etortzea ere", esan du lehendakariak.

Danena eta Billabona kluben futbol zelaiak, hau da, Danena eta Arratzain, erabiliko ditu Aiztondok. Hiru kluben artean joango dira zelaien erabilera antolatzen. Aurretik Danena eta Billabona klubetan nesken taldeetan entrenatzaile izan diren batzuk jarraituko dute Aiztondon, eta eskarmentua duen jende berria dute prest lanean hasteko. "Oso pozik gaude", esan du Lasak. "Erakusteko gogoz daude; izan ere, lehiatzea ondo dago, baina oinarriak ere behar dira, eta jokalariei erakutsi behar zaie nola jokatu, nola kokatu zelaian, teknikak, eta horretan trebatuta dauden pertsonak lortu ditugu. Gaur egun badago jende gazte asko kirol ikasketak egiten ari direnak eta horientzat ere aukera oso ona da eskarmentua dutenekin ikasteko. Animatzen ditugu bai neskak zein mutilak prestakuntza horretan".

Lasak ere nabarmendu du harremanen arloa oso garrantzitsua dela: "Gaur egun ikusten dira zelaietan zenbait jokabide desegoki, eta horiek ere kudeatzen ikasi behar dugu. Bai zelaiaren barruan, bai hortik kanpo, eta entrenatzaileek jokalariekin hori landu. Klub berri bat izateak ematen digu aukera zerotik hasi eta horri pixkana buelta ematen joateko".

Klubeko bazkideak gehitzen joatea dute beste asmoetako bat, baina aurrerago egingo dute lanketa hori, orain lehentasuna kluba eratu eta sortuko diren taldeak antolatzeari eman baitiote.

Armarri berria

Klubaren armarria aurkezteko ere baliatu zuten ekitaldia, eta diseinua egin duen Izaro Lizarraga bera izan zen azalpenak ematen. Aiztondo izenarekin jokoa egin dute, bi o letrak pixka bat aldatuz, eta horrela "ondo" bukaera nabarmenduz. Hiru itxura du armarriak. "Klub askoren armarriek dute forma hori, baina baita ere emakumeen sinboloa da", esan du Lizarragak. "Kolore morea ere horregatik aukeratu dugu. Grisarekin dotorezi puntu bat eman nahi izan diogu".

Armarriaren erdian zubi bat dago, "bailarako herrien arteko zubia irudikatuz, eta baita nesken eta kirola egiteko aukeren arteko zubia zein kirolak ekartzen dituen baloreen artekoa", zehaztu du. Diagonalean marrak jarri dituzte, eta horrekin adierazi nahi izan dute "kirolak berak duen dinamismoa".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!