Banakako pentatloi txapelketaren lehen kanporaketa, Tolosan

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 26a, 19:58

Tolosako kanporaketan parte hartuko duten kirolariak.

Zezen plazan izango da jokoan, larunbatean, 18:00etan hasita, eta bertan Ibon Garaiburu berastegiarrak parte hartuko du.

Abian jarriko da larunbatean V. Gizonezkoen Euskal Pentatloi Saria. Lehen kanporaketa izango da jokoan, Tolosako zezen plazan, 18:00etan hasita. Hamahiru kirolari ariko dira lehian, tartean Ibon Garaiburu berastegiarra. Beste parte hartzaileak ondorengoak izango dira: Xabier Zaldua, Ioritz Gisasola Zelai V.a, Aratz Mugertza, Aitzol Atutxa, Haritz Goenaga, Jokin Urretabizkaia, Mikel Agirre, Joseba Arakama, Gorka Etxeberria, Iñigo Landa, Jagoba Otaegi eta Oussman Drame. Patxi Mindegia ere parte hartzekoa zen, baina ezin izango du egon lesio batengatik. Sarrerak 20 euro balioko ditu.

Bost proba egin beharko dituzte kirolariek: 100 kiloko bolari zortzi jasoaldi eman, giza proban plaza bat egin, aizkoran kanaerdiko bat moztu, txingekin hiru plaza egin eta korrika kilometro bat. Lau kirolari azkarrenak pasako dira bigarrengo kanporaketara, eta hori irailaren 3an egingo da.

Ibon Garaibururentzat lehen parte hartzea izango da euskal pentatloian: «Betidanik gustatu izan zait proba hori, libre nengoela ikusi nuen, eta parte hartzea pentsatu nuen». Ez du bere burua ikusten lehen lau postuetan sartzeko berastegiarrak: «Ez dut denbora asko izan entrenatzeko. Otsailean hasi nintzen harriarekin, eta uste baino azkarrago iritsi zaigu kanporaketa. Lan txukun bat egiteko esperantzarekin goaz eta hori egiten badugu pozik egongo gara». Hurrengo kanporaketa pasatzeko faborito moduan Zaldua, Zelai V.a eta Mugertza ikusten ditu, baina ez du oso garbi zein izango den laugarrena.

Herri kiroletan aizkoran hasi zen Garaiburu, eta kirol horretan moldatuko da ondoen larunbateko saioan. Zailtasun handiena harria altxatzen izango duela azaldu du. «Hori lasai eta txukun egiten badugu, besteetan joko dugu jo behar dena». Batez ere harriarekin entrenatu da, eta beste kirolei ez die hainbesteko garrantzirik eman prestaketan. Bestalde, giza probakoa entrenatu duenean nahiko gustura geratu dela dio. «Txingekin indarra behar izaten da eta korrika ez dirudi asko egin behar denik, baina aurreko guztia egin ondoren kontuan hartzekoa da». Garaiburuk Eneko Saralegi izango du laguntzaile moduan: «Eskarmentua du eta asko laguntzen du horrelako norbait izatea proba horretan».

GIPUZKOAKOARI BEGIRA

2017an hasi zen aizkoran, herriko festetarako saioa prestatzeko asmoz. «Gustatu egin zitzaidan, eta segitzea pentsatu nuen», esan du berastegiarrak. 2019an apustu txiki bat hitzartu zuen eta 2020an egin zuen eta hortik aurrera jarraitu egin du aizkorarekin. Hain justu, 2021ean Urrezko Binakako Aizkolarien Txapelketa irabazi zuen, Xuban Kañamaresekin batera, 23 urtez azpiko mailan. Aurrera begira, ekainaren 26an egingo den bigarren mailako Gipuzkoako Txapelketaren kanporaketa du begiz jota, eta bertan aurrera egitea du helburu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!