Enpresa Txiki eta Ertainentzako laguntza-plana aurkeztuko dute Lehiberrin

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 27a, 13:00
Lehiberri zentroan izango da jardunaldia, ekainaren 2an.

Datorren ostegunean, ekainaren 2an egingo duten jardunaldian aurkeztuko dute; laguntza planak 74 programa biltzen ditu, eta 600 milioi baino gehiagoko aurrekontua du.

Hurrengo ostegunean, ekainaren 2an, Tolosaldeko enpresek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Enpresa Txiki eta Ertainentzako laguntza-plana ezagutu ahalko dute. Izan ere, eskualdeetan ari da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila aurkezpenak egiten, eta datorren astean Tolosaldearen txanda izango da, Lehiberri zentroan egingo duten enpresei zuzendutako jardunaldiaren bitartez.

Laguntza planak 74 programa biltzen ditu, 600 milioi baino gehiagoko aurrekontua du, eta laguntza horien helburua  ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea dela azaldu dute, "arreta berezia eskainiz Euskadiren garapen inklusibo eta jasangarriari". Azaldu dutenez, aurten I+G+b programetara eta trantsizio energetikora bideratutako laguntzak % 70 baino gehiago izango dira.

Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean antolatu duten saioa Lehiberri Zentroan izango da, 09:30etik 11:30era. Ekitaldian izango dira Cristina Oyon, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun arloko zuzendaria; Leyre Madariaga, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria; Aitor Cobanera, SPRIko Enpresa Sustapeneko zuzendaria, Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia; Maite Subinas, Basque Trade & Investment-eko Enpresa Zerbitzuen arduraduna; Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaria; Txema Fernandez, Ihobeko Ekonomia Zirkularreko zuzendaria;  eta Raul Perez, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria, eta bakoitzak bere arloko programen xehetasunak azalduko ditu.

Enpresek, beraz, laguntza-lerro bakoitzaren xehetasunak jakin ahal izango dituzte eta euren premietara ongien egokitzen dena aurkitu ahal izango dute. Ekitaldian Iker Urruzola Aizpurua Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak ere parte hartuko du. Laguntzen aurkezpenaren ostean, enpresek networking egin dezaten tartea egongo da, eta amaitzean, tokiko enpresa bat bisitatuko dute. Aurkezpenera joan nahi duten enpresek aldez aurretik izena eman beharko dute, 943 65 45 01 zenbakira deituz edo lehiberri@tolosaldea.eus helbidera idatziz.

2022ko laguntza-lerro aipagarriak
ETEentzako laguntza-planak 2021ean 8.096 proiektu bultzatu zituen eta inbertsioa guztira 2.059 milioi eurokoa izan zen. Abiapuntua 68 laguntza-programa izan ziren, eta 430 milioi euroko inbertsioa.

Ikerketarako, berrikuntzarako, eraldaketa digitalerako eta ekintzailetzarako laguntza-lerroaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoa Europako berrikuntza gune gisa indartzea, enpresa teknologikoen sorrera % 10 handitzea eta Euskal Autonomia Erkidegoa kokatzea tokiko industriarekin lankidetzan arituko diren nazioarteko startupen ekosistema eragile gisa. Teknologiak eta I+Gak 219.482.500,00 euroko laguntzak batzen dituzte, eta Eraldaketa Digitalerako 26.515.000,00 euroei, Berrikuntzarako 6.801.000,00 euroei eta Ekintzailetzarako 4.800.000,00 euroei batuta, guztira 257,5 milioitik gora izango dira I+G+b proiektuak sustatzeko.

Bestalde, industriaren garapenerako, nazioartekotzerako, energia-efizientziarako eta berriztagarrietarako eta ingurumenerako laguntzen helburua da industria eta zerbitzu aurreratuak BPGren % 40ra iristea eta energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren %20 izatea. Gainera, berotegi-efektuko gasen emisioa %30 murriztu nahi dute, eta hondakin gutxiago sortu eta horien balorizazioa eta berrerabilera areagotu, ingurumen-estrategia zeharkako politika gisa ezarri eta uraren, lurzoruaren eta airearen ingurumen-adierazleak hobetu, biodibertsitatearen defentsa eta errespetu handiagoa lortzeko.

Enpresa txiki eta ertainentzako Eraldaketa Energetikorako laguntzak aurten 150.190.724,04 eurokoak dira, eta Ekonomia Zirkularrerako programetako 7 milioiak eta Bioekonomiarako 3,1 milioiak gehituta, Trantsizio Energetikorako, guztira, 160,2 milioi izango dira. 

Lehen sektorerako laguntza-programei dagokienez, elikagaien industriak eta jasangarritasunak elikagaien ekoizpena handitu nahi dute Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lurralde-oreka handiagoa bermatu, landako eta itsasertzeko guneetan bizi eta lan egiten duten pertsonei bizi-kalitatea eskainiz. Arlo honek 66.790.000 euro izango ditu laguntza-lerro ezberdinetan. Enpresa txiki eta ertainentzako 2022ko laguntza-planak industriako inbertsioetarako pentsatutako programa garrantzitsuak aurreikusten ditu, eta 85 milioi izango dira industria-garapenerako eta 19.950.000 euro nazioartekotzerako.
 
Enpresa Txiki eta Ertainentzako 2022ko laguntza-planari buruzko informazio guztia Euskadi.eus/catalogo-ayudas-servicios-empresas-2022/web01-s2ekono/es/ katalogo digitalean dago eskuragarri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!