Herriartekoan, Amezketak eta Tolosak aurrera

Ataria 2022ko maiatzaren 26a

Herriarteko Txapelketan parte hartu duen Alegiako taldea.

Eskualdeko lau herri ari ziren parte hartzen Herriarteko Pilota Txapelketako eskuzko modalitatean, eta horietatik Amezketak eta Tolosak egin dute aurrera. Beraz, Amasa-Villabonari eta Alegiari aurtengo ibilbidea bukatu zaie.

Kanporaketa osoa kontuan hartuta, Amezketak 4-2 irabazi zion Oñatiri eta Tolosak ere 4-2 Zestoari. Bere aldetik, Amasa-Villabonak 0-6 galdu du Ataunen aurka, eta Alegiak 2-4 Andoainen kontra.

Final-laurdenetan, Amezketak Oiartzun izango du aurkari. Joaneko partidak Amezketako Larrunarri frontoian jokatuko dituzte, bihar, 18:00etan hasita. Tolosak Azkoitiaren aurka jokatuko du, eta joaneko jardunaldia Azkoitiko Gurea frontoian jokatuko da, bihar, 22:00etatik aurrera.

TOLOSA, GOMAZKO PALETAN

Final-laurdenetako lehen jardunaldia jokatu dute gomazko paletako modalitatean. Tolosa Hernaniren aurka ari da lehian eta joaneko jardunaldian 2-1 galdu zuen asteburuan. Zehazki, banaka 20-18 galdu zuen, binaka 18-20 irabazi, eta banaka zazpi koadroren barruan, 20-13 galdu. Itzulerako jardunaldia larunbatean izango da, 09:30ean hasita, Beotibar frontoian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!