Hegaztien pasabide naturala aldarrikatuz

Asier Imaz 2022ko maiatzaren 26a

Ainhoa Goenaga artistak Ur Mara museoan jarrita zituen habiak Hernio Gazumen jarri ditu, «kontzientzia sortzeko asmoz».

Aurtengo Sormenaren Kabia Bekaren deialdiaren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen Ainhoa Goenaga artistak. Iaz aurkeztu zuen bere proiektua, eta nahiz eta hautatuen artean ez egon, harremana egin du Ur Mara museoko kideekin eta Slow Art egunean parte hartu zuen. Hala, Sormenaren Kabia bekaren testuinguruan habien inguruan egin dituen lanak erakutsi ditu museoko negutegian. Bada, habia horiek Hernio Gazumen kokatu ditu asteburuan, ehiza postuetan, hegaztien pasabide naturala den lekuan, «kontzientzia sortzeko asmoz».

Ezaguna du inguru hori Goenagak, Aian jaioa eta hazia baita, Herniora begira. «Migrazio garaian gaudenez egokia iruditu zait keinu txiki bat egitea, elkarbizitza baterako espazioa utzi behar dugula aldarrikatuz», esan du.

Habiak «sormenaren adierazpen gorena» direla dio artistak, eta bio-eraikuntza gisa ikusten ditu. «Oso material gutxirekin sekulako eraikuntzak egiten dituzte txoriek, otargintza teknikaren modukoa erabiliz, guztia saretuz, eta ikaskuntza handia dago hor». Txorien moduan, lekuko baliabideak aprobetxatuz osatu ditu habiak, goroldioa, belarra, palmondoen edo artile ilea... «beraiek egiten duten artelana irudikatuz edo kopiatuz».

Ingurugiroari begirako artea lantzen duela azaldu du. Azken boladan habiekin ari da lanean, baina, denetarik egiten du, buztina edota zuntz begetala bezalako material ezberdinekin. Duela urte batzuk ezagutu zuela Koldobika Jauregi kontatu du; «gizakia, natura eta artea lotuz duen Ur Mara proiektua aurkeztu zidan. Ni ere oso oso identifikatuta sentitzen naiz ideia horrekin, eta lankidetzak egiten ditugu tarteka».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!