Bizilabeko gazteek zientzia proiektuak aurkeztu dituzte

Ataria 2022ko maiatzaren 25a

Asteartean Zizurkilen aurkeztu zituzten ikasturte honetan egindako zientzia eta teknologia esperimentu eta proiektuen emaitzak; etzi, ostiralean, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan egingo dute beste aurkezpen bat.

Tolosaldea Garatzenek eta Elhuyarrek sustaturiko Bizilabe Tolosaldearen 2021-2022 ikasturteari amaiera emateko, aurten egindako zientzia eta teknologia esperimentu eta proiektuak aurkeztu dizkiete gazteek, guraso, lagun eta udal ordezkariei. Asteartean Zizurkilen egin zuten ekitaldia, eta ostiralean, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan egingo dute.

Tolosaldea Garatzeneko Garbiñe Mendizabalek eta Elhuyarreko Edurne Gastonek egin zuten ongietorria. Segidan, Saioa Aranburu Etxezarretak, Bizilabeko orientatzaileak, urtean zehar egindakoa azaldu zuen. Gazteek, taldeka aurkeztu zituzten proiektu eta esperimentuak: errealitate birtualeko betaurrekoak, plastilina eroalea, zianotipia, kristalizazioak, energia maketak, dirua sailkatzen duen makina... Bizilabeko arduradunek aipatu dute halako bizipenek garrantzia eta eragin handia dutela gazteengan; hainbat zeharkako konpetentzia lantzearekin batera, zientzia eta teknologiarako bokazioa pizten laguntzen baitute.

Elhuyar Zientzia Azoka, Bilbon

Aurten, lehen aldiz, Bizilabe sare osoaren ikasturte-amaierako festan ere parte hartuko dute Tolosaldeko gazteek, Euskal Herriko beste zenbait herritako gazteekin batera.

Elhuyar Zientzia Azokaren 10. edizioaren barruan zientzia proiektuen erakusketa egingo da ekainaren 2tik 5era Bilboko Areatzan, eta bertan hartuko dute parte Tolosaldea, Elgoibar, Soraluze eta Bilboko Bizilabe zentroetako gazteek, ikasturtean landutako gaiak publikoki erakutsiz. Ekainaren 5ean, Bizilabeko gazteen STEAM proiektuez gain, ginkana, tailerrak eta zientzia-ikuskizunak ere izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!