Bertsoaz gozatzeko aukera, Anoetan eta Iruran

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 25a, 07:58

Harituz eguna ospatuko dute larunbatean; goizean Iruran hasiko dira, eta Anoetan bazkaldu ostean, kalejira egingo dute bertan.

Bi urteko etenaren ondoren, Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak bere eguna antolatu du larunbaterako. Iruran eta Anoetan izango da Harituz eguna, Tolosaldeko bertsozaleak elkartzea izango da helburua, eta egun osoko egitaraua antolatu du elkarteak, bertsoa erdigunean izango delarik.

2019an ospatu zen Harituz egunean Ibarra eta Tolosan bertsozale ugari elkartu zela kantuan eta festan gogoratu dute, eta aurten ere, eskualdeko bertsolari eta bertsozaleak jarri ditu Harituzek erdigunean; «Eskualdean bertsotan dakien jende mordoa dago baina gehienak ez dira eroso sentitzen testuinguru formal edota txapelketako saioetan. Aurtengo helburua tabernaz-taberna egingo den bertso-poteoan zein Kuku elkartean egingo den bazkalosteko saioan jende horri kanturako aukera eta testuinguru atsegina eskaintzea da» esan dute.

Hain zuzen, 11:30ean hasiko dira bertso poteoarekin Irurako tabernetan, eta ondoren, Anoetako Kuku elkartean bazkalduko dute. Bazkalostean bertso saio izango da elkartean bertan, eta iluntzean, berriz, kalejira egingo dute Anoetako tabernetan zehar, Laskotxarangako hainbat kideren laguntzarekin. Bazkarirako txartelen erreserba 629 834 710 telefono zenbakira Whatsapp mezua idatziz egin beharko dela esan dute.

Harituz elkartetik esan dutenez, egun guztian zehar ez da bertso zein musikarik faltako eta eskualdeko bertsozale guztiak gonbidatu dituzte Harituz egunean parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!