Asteasun egingo dute larunbatean Senidetze Eguna

Ataria 2022ko mai. 24a, 07:59

2019an Amasa-Villabonan egin zuten Senidetze Eguna

Aiztondo bailarak El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin duen senidetzearen 29. urtemuga ospatuko dute.

Aiztondo bailarak El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin duen senidetzea ospatzeko ekitaldiak egingo dira datozen egunotan Zizurkilen eta Asteasun. Bihar, 15:00etatik aurrera, Zizurkilgo Pedro Mari Otaño ikastetxeko umeek, gainerako ikastetxeetako ikasleei ipuin solidarioak kontatuko dizkiete Plazida Otaño liburutegian eta Atxulondo kultur etxean. Larunbatean, berriz, Asteasun, Senidetze Egunaren barruan, ekitaldia egingo dute 12:00etan udaletxean, eta ondoren, bazkaritan bilduko dira herritarrak Sarasola sagardotegian.

El Salvadorren 1981eko gerra zibilaren harira, herrialdearen iparraldeko milaka herritarrek euren etxeak utzi behar izan zituzten eta Hondurasen babes hartu, Colomoncaguako kanpamentuetan. Han jaso zuten Segundo Montes jesuitaren bisita eta honek kudeatu zuen salvadortarren aberriratzea 1989an. Urte hartako azaroan, Universidad Centroamericanan beste zazpi lagunekin Montes erail eta bi egunetara hasi zuten itzulera El Salvadorreko herritarrek. Morazan departamentuko Meanguera eta Jocoaitique udalerrien lurretan eraiki zuten bizitokia, eta komunitateari Segundo Montes izena eman zioten. Zizurkilgo alkate zela 1993an bisitatu zuen lehenengo aldiz tokia Mikel Arrastoak: «Erabateko prekarietatean bizi ziren. Urte guzti hauetan, udalek Euskal Fondoari egindako ekarpenekin proiektu asko eraman dira aurrera, tokia bizigarriagoa da orain. Dena den asko falta da oraindik egiteko».

Azkenaldian ur saneamendua bermatzeko egin diren lanak nabarmendu ditu Arrastoak, gaur egun, Euskal Fondoko lehendakariorde denak, baina horrekin batera, «maila mikroan» gauzatzen diren proiektuetan jarri du azpimarra. «Aiztondo herri bakoitzean aurrera eramaten diren ekimen solidarioei esker garrantzitsuak diren beste hainbat gauza egiten dira». Genero arloan edota gazteekin egiten den lanketa aipatu ditu, Gazte Enpatia programaren barruan, EHUrekin lankidetzan, sustatzen direnak, besteak beste. «Hango gazteek aisialdian egiteko ekimenak sustatzen dira, mara delakoetan eror ez daitezen».

Egunotan Euskal Herrian dira El Salvadorretik etorritako hainbat gazte. Horietako batek, Nory Hernandezek, Segundo Montes komunitatean bizi den kazetaritza ikasleak, ekainaren 1era arte luzatuko du bere egonaldia eta larunbatean Asteasun izango da.

Aurten, bi urteko etenaren ostean, hitzordua berreskuratu duten arren Arrastoak aurreratu du begiz jota dutela 2023ko Senidetze Eguna. 30. urteurrena gogora ekartzeko ekitaldi sorta antolatu nahiko lukete Aiztondo bailarako udal arduradunek.

Senidetze Egunaren antolatzaileak, Aiztondo bailarako hautetsi eta teknikariak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!