Saralegi eta Regillaga, berriro bigarren Europako Txapelketan

Imanol Garcia Landa 2022ko maiatzaren 18a

Saralegi eta Regillaga, berr 1 1652893605223
Saralegi eta Regillaga, berr 2 1652893605648
Saralegi eta Regillaga, berr 6 1652893607125
Saralegi eta Regillaga, berr 4 1652893606750
Saralegi eta Regillaga, berr 3 1652893606283
Saralegi eta Regillaga, berr 7 1652893607273
Saralegi eta Regillaga, berr 8 1652893607429

Kroazian lortu dute zilarrezko domina, Nage No Kata modalitatean; bigarren postua lortzea «sekulakoa» dela diote, eta aurten ere Munduko Txapelketara joan nahi dute

Berriro ere Europako Txapelketan bigarren postua lortu dute Unai Saralegi eta Unai Regillaga Judo Klub Tolosako kideek. «Sekulako poza ematen du berriro ere horrelako lorpen bat eskuratzeak», esan du Regillagak. «Aurreko urtean baldintza bereziak izan ziren, eta partaide gutxiago, baina aurten parte hartzaile asko izan dira eta berriro errepikatzea sekulakoa da». Kroazian jokatu da aurten Europako Txapelketa eta pozik itzuli dira egindakoarekin. «Goiko postuetan aritzeko moduko mailara iritsi gara», esan du Regillagak. «Lehenengo helburua larunbateko kanporaketan finalerako txartela lortzea zen. Lau bikote bakarrik pasatzen ziren, eta gu puntuazio onenarekin igaro ginen finalera».

Saralegik eta Regillagak 395,5 puntu lortu zituzten larunbateko kanporaketan, eta finalean oso parekoa izan zen puntuazioa, 393 puntu lortuz. «Ikusi genuenean finalera puntuazio onenarekin pasa ginela, ezin genuen sinetsi», dio Regillagak, «baina finalerako ez genuen erlaxatu behar, berriro ere beste txapelketa bat hasten baita».

Finaleko zozketan zorte txarra izan zuten, lehen postuan atera zirelako. «Aurrenekoak gindoazen sailkapenean, baina finalean laugarren atera zen bikoteak kendu zigun lehen postua. Halere, oso gustura gaude egindakoarekin», esan du Saralegik. Gainera, bere ariketa egiteko ia ordu erdiz zain egon behar izan zuten tatamiaren ondoan, epaile bat nahastu egin zelako eta beste leku batean zegoelako. Lehiaketetan parte hartzeak ematen duen eskarmentua ondo etorri zaie horrelakoetan urduritasunak menperatzeko. Alemaniako bikote bat izan zen irabazlea, eta Frantziako bikote batek eraman zuen brontzezko domina.

Judoko Nage No Kata modalitatean lehiatzen dira Saralegi eta Regillaga. Hirugarren postua eskuratu dute aurten Espainiako Txapelketan, eta aurrera begira Munduko Txapelketara joatea dute helburu. Irailean izango da lehia hori eta Espainiako Federazioak erabakitzen du zer bikote joaten diren bertara. Europako Txapelketan zilarra eskuratuta, Mundukora joateko aukera izango dutela espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!