Aralarko mendietan barna, Txirrita mendi ibilaldia igandean

Iñigo Terradillos 2022ko mai. 18a, 17:47

Oargi mendi elkarteak antolatzen du lau urtez behin; bi ibilaldi izango dira aukeran, 40 kilometrokoa eta 22koa, eta bihar izango da izena emateko azken eguna.

Oargi mendi elkarteak igande honetarako Txirrita mendi ibilaldia antolatu du. Lau urtez behin antolatzen dute, hamargarrena izango da aurtengoa, eta 2018koan bezala aurten ere bi ibilbide izango dira aukeran.

Juan Manuel Serrano Oargiko kideak azaldu duenez, helburu bikoitza duen proba da. «Batetik, elkarteko bazkide izandako Bernardo Bidaola Atxega Txirrita omentzeko ibilaldia da, mendizaletasuna eta abertzaletasunaren eredu zelako, eta bestetik, mendizaletasuna sustatu nahi dugu».

Aralar mendikatean izango dira bi ibilbideak. Luzeak 40 kilometro ditu, eta 3.000 metroko desnibela. Parte hartzaileak Amezketatik irtengo dira, Bixente aterpe ingurutik 06:00etan, eta Artubi, Aldaon, Intzako dorrea, Ttutturre, Beloki, Putterri, Igaratza, Pardarri, Ganbo, Ganbotxiki eta Txindoki igarota Amezketara itzuliko dira. 12 ordutan egitea aurreikusi dute, beraz, 18:00ak aldera espero dute amaitu ahalko dutela proba mendizaleek.

Ibilbide motzari dagokionez, 08:30ean abiatuko dira Amezketatik, eta  Igaratza, Pardarri, Ganbo eta Ganbotxiki zeharkatuko dituzte Amezketara iritsi aurretik. 22 kilometro eta zortzi orduko iraupena duela adierazi dute.

Hain zuzen, aipaturiko puntuetan kontrol guneak jarriko dituzte, eta Unagako putzuan eta Igaratzan jatekoa eta edatekoa egongo da.

Serranok gogoratu du proba Euskal Herriko iraupen luzeko ibilbideen zirkuiturako baliagarria dela, baina, argi utzi du ez dela lehiaketa bat: «Azkenaldian jendea nahiko azkar ibitzen da, baina, berez ez da lasterketa bat».

Parte hartzaile guztiei diploma eta opari bana emango zaizkie, eta probaren bukaeran indarrak hartzeko aukera ere izango da, mokadutxoa janez.

Izena emateko azken eguna bihar izango da, eta Zirkuitua.com helbidearen bitartez egin ahalko da 20 euro ordainduta. Aurreko edizioan 800 inguru izan ziren parte hartu zutenak. Oargiko kideak esan du eguraldi onarekin jendea  espero dutela igandean, eta herritarrak animatu ditu, «ondo pasako dutelako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!