Tolosaldeko ezagutza jasotzen duen liburua aurkeztu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mai. 18a, 15:59

‘Tolosaldepedia’ proiektuak izen bereko liburua kaleratu berri du; eskualdeko 114 norbanako eta eragilek gai ezberdinen inguruan sortutako 103 artikulu biltzen ditu.

Pandemiak eragindako itxialdian, proiektu berri bat abiarazi zuen Tolosako Udalak. Hasieran, Tolosari buruzko ezagutzan sakontzea zuen helburu; gerora, ordea, eskualde izaera hartu zuen. Iazko otsailean jarri zuten martxan Tolosaldepedia izenburupean. «Proiektu herritarra eta irekia da, herripedia formatuan garatua, herritarren ekarpenekin Wikipedian osatuz eta zabalduz», adierazi du Olatz Peon Tolosako alkateak; «historia handiko eskualdea baita Tolosaldea», gaineratu du.

Bada, orain, proiektuaren mugarrietako bat aurkeztu dute: Tolosaldepedia liburua. Proiektuan zehar egindako lanaren laburpen bat dela adierazi dute. «Ez dago Wikipedian Tolosaldeari buruz dagoen eduki guztia; sarean askoz gehiago dago», esan du Aiora Mujika proiektuaren koordinatzaileak. «Ikuspegi ezberdinak bilduz, inguratzen gaituen horren inguruko ezagutza zabaltzea zen erronka nagusia, eta helburua oso ondo bete da. Gizarteko alor eta sektore ezberdinen begiradatik sortu da, eskualdeko historia eta bilakaera jasoz», nabarmendu du Peonek.

Tolosaldepedia liburua garatu ahal izateko, hainbat lantegi egin dituzte editatzen ikasteko eta proiektuan idazteko. Horietan, 114 lagunek hartu dute parte artikuluak editatzen (horietatik 104k, lehen aldiz), eta 103 artikulu berri sortu dituzte. Alkateak eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu duten guztiei, «Tolosari eta eskualdeari buruzko altxor hau osatzeagatik».

Ahalik eta txoko gehienetara iristen saiatu direla esan du Mujikak. «Ez da erraza izan, 28 herri direlako, baina ate asko jo ditugu, norbanako jakin eta eragile handiengana joz». Azkenean, emaitzak bi modutara ikusi daitezkeela azaldu du: «Batetik, proiektuarenak, fisikoak, sortutako artikulu kopuruari dagozkienak. Bestetik, prozesuarenak daude. Herritar berriak ezagutu ditugu, eta gaia landu izanaren sentsazioa dugu».

Peonen hitzetan, liburuak «elkarlana» izan du oinarrian, eta «asko» izan dira bertan parte hartu duten norbanako eta eragileak. «Azpimarratzekoa da, esaterako, Tolosako Jabetze Eskolako emakumeen parte hartzea, erabat aberatsa izan baita, emakumea ardatz duten artikuluak idatziz gaia ikustaraztea». Haur eta gazteen parte hartzea ere nabarmendu du alkateak: «Txikipedia osatzeko lan bikaina egin dute ikastetxeen eskutik».

Proiektuaren irismena zabaltzeko ahaleginetan, Galtzaundi Euskara Taldearen laguntza izan du udalak. «Eskualdean dagoen jakintza-sarea areagotzeko eta Wikipedian euskarazko edukiak sortzeko aukera eskaini digu proiektuak», azaldu du Haritz Azurmendi elkarteko kideak. Tolosaldepedia «aurrerapauso garrantzitsua» dela gaineratu du: «Auzolan handi baten emaitza da, eta pozik gaude, sortutako jakintza lizentzia librearekin aurkitu dezakegulako».

Proiektua euskarazko Wikipedian gauzatu da batez ere, baina baita gaztelania eta beste hizkuntzetako Wikipedietan ere, herritarrek eta beharrek horrela eskatu ahala. Kontuan izan behar da, baita ere, Wikipediak hizkuntzen arteko itzulpenak ahalbidetzen dituela, eta horrela, gai bat hainbat hizkuntzetara itzuli daitekeela.

Liburuak bi norabide dituela azaldu dute: «Batetik, Wikipediako hainbat artikulu paperean gorpuztu ditugu, nahiz eta ez ditugun bere osotasunean jarri, leku handia hartuko luketelako. Bestetik, QR kodeak txertatu ditugu liburuko testuetan, artikulua sarean osorik irakurri ahal izateko, eta, beharrezkoa izanez gero, zuzentzeko edo informazioa gehitzeko aukera izateko».

Artikuluak sortzen parte hartu duen herritar bakoitzari liburuaren ale bana emango diote, doan. Gainerako herritarrentzat, jada eskuragarri dago eskualdeko liburutegi guztietan; Tolosako Udal Liburutegian maileguan hartzeko aukera dago. Formatu digitalean ere irakurri daiteke. Aurrerantzean, baina, editatzen jarraitzeko aukera izango dute herritarrek: «Jakintza ez da inoiz amaitzen, eta artikulu berriak sortzen ari gara Tolosaldean», esan du Azurmendik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!