Hiru pertsona atxilotu dituzte iaz Irurako etxe batean egindako lapurretagatik

Ataria 2022ko maiatzaren 18a

Ertzaintzak 21, 25 eta 28 urteko hiru gazte atxilotu ditu Zizurkilen, joan den udan Irurako etxe batean egindako lapurreta leporatuta.

Oriako ertzain-etxeko ikerketa baten ondorioz hiru gazte atxilotu dituzte etxe batean lapurreta egitea leporatuta. Hiru gazteak atzo, asteartea, atxilotu zituzten Zizurkilen, Ertzaintzak ustezko hiru inplikatuak zeuden etxean sartu eta miaketa egin ondoren.

Joan den urtean etxebizitza batean egindako lapurretarengatik jarritako salaketan oinarrituta hasi zen ikerketa. Salaketaren arabera, etxetik gailu elektroniko batzuk lapurtu zituzten. Tolosako epaitegiekin lankidetzan, polizia baliabideak lapurtutako gailu elektronikoen jarraipena egiten hasi ziren, une horretan norbait erabiltzen ari baitzen.

Ikerketaz arduratu ziren agenteek Zizurkilgo etxe batean zentratu zuten bilaketa. Dagokion epailearen agindua izapidetuta, atzo goizeko lehenengo orduan sartu ziren agenteak etxebizitzan, eta hiru gizonezkoak atxilotu zituzten indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

Hiru atxilotuek polizia aurrekariak dituzte era horretako egintzengatik, eta Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten zegozkion polizia eginbideekin jarraitzeko.

Atxilotuak gaur goizean jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan Tolosako Guardiako Epaitegian.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!