Elkarrizketa

«Aurten dudan ilusio handiena Europako Txapelketara joatea da»

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 18a, 07:59

Donostiarra da izatez Danok Danena taldeko Eki Lizaso pultsularia, eta astean lau egunez Villabonara joaten da entrenatzera. Taldean dagoen giro ona nabarmendu du eta horrek emaitzetan eragina izaten duela uste du.

Orain urte eta erdi hasi zen Eki Lizaso (Donostia, 2005) halterofilia egiten. Zizurkilgo Danok Danena halterofilia taldean hasi zen eta bertan jarraitzen du, taldeak Villabonako Olaederra kiroldegian duen gimnasioan entrenatzen. 89 kilo azpiko kategorian lehiatzen da, eta epe labur horretan dagoeneko Euskadiko absolutu mailako txapelduna da bere pisuan, Espainiako Junior Txapelketan (berez 18 eta 20 urte arteko maila da) hiru domina lortu ditu, horietako bi zilarrezkoak, eta 17 urtez azpiko Espainiako Txapelketan bigarren izan zen iaz. Bere markak ez dira nolanahikoak: 115 kilo arrankadan, 145 kilo bi denboratan eta 260 kilo total olinpikoan. Hirurak 17 urtez azpiko Gipuzkoako errekorrak bere pisuan.

Nolatan hasi zinen halterofilia egiten?

2020ko urrian hasi nintzen eta, beraz, urte eta erdi inguru daramat. Halterofilia baino lehenago parkour egiten nuen. Kalean egiten den kirol bat da parkourra, normalean lagunen artean, txilinbueltak-eta horrela eginez. Gimnasioan sartu nintzen horri begira indarra hartzeko. Bitartean sare sozialetatik eta Interneten joan nintzen bideoak ikusten halterofiliari buruz. Gero eta gehiago interesatzen joan nintzen, eta Interneten begiratuz hemen zer aukera zeuden, ikusi nuen Villabonan aukera zegoela, Danok Danena taldean. Joan nintzen probatzera eta oso gustura sentitu nintzen lehen egunetik.

Halterofilia indarrarekin lotu izan da, baina ez da hori bakarrik behar, ezta?

Indarra garrantzitsua da noski, baina horrez gain oso azkarra izatea eta malgutasuna ere behar da barra azpian sartu eta postura eroso bat izateko. Teknika ikasteko erraztasuna izateak ere garrantzi handia du.

Parkour egiten jarraitzen duzu?

Parkour bera ez, baina lagunekin entrenatzen jarraitzen dut, eta hauek parkour egiten duten bitartean, nik salto bertikalak-eta egiten ditut, halterofiliarako lagungarriak baitira azkartasuna eta potentzia irabazteko. Baina parkourra lehen egiten nuen bezala, ez dut hainbeste egiten.

Denbora gutxian emaitza nabarmenak lortu dituzu. Espero zenuen maila horretan aritzea?

Hasi nintzenean ez nuen izaten emaitza jakin bat lortzeko helburua. Orain, pixka bat gehiago, ezagutzen dudalako nolakoa izan daitekeen progresioa. Hasieratik pentsatzen nuen bakarra entrenatzerakoan disfrutatzea zen, eta gero emaitzak bakarrik etortzen dira. Orain nire gorputza pixka bat hobeto ezagutzen noa, eta emaitzetan nola hobetu ahal dudan gehiago jabetzen naiz.

Halterofilian markak hartzen dira kontuan. Horri begira egoteak ez du erraza izan behar.

Horregatik diot, hasieran disfrutatzera joaten nintzela entrenamenduetan. Entrenatzailea da kiloetan pentsatzen duena, eta hori lortzeko egin behar dituzun gauzetan.

Orain arte lortu dituzun emaitzetatik zein da zuretzat nabarmenena?

Ilusio handiena pasa den urtean Espainiako Txapelketan lortutako bigarren postuak egin zidan. Lehenengo aldia zen Espainiako Txapelketa batean, eta halterofilian urte eta gutxi egon ondoren, hori izan zen ilusio gehien egin zidana. Azken absolutu mailako Euskadiko Txapelketak ere ilusioa egin zidan lortutako markengatik. Ez neraman denboraldi oso ona, batez ere arrankadan; txapelketak ez zitzaizkidan ateratzen nahi bezala, eta azken horretan lortu dugu.

Gustura zaude oraingoz lortutako markekin?

Nire buruari estutu egiten diot, eta esan daiteke espero nuela marka horietan egotea, baina lan handia egin behar da aurretik. Halere, txapelketak egun batean izaten dira, eta hor edozer gauza gertatu daiteke.

Aurrera begira zer asmo duzu?

Aurten, 17 urtez azpiko Europako Txapelketara joateak egiten dit ilusioa bereziki. Horretarako bi aukera ditut gutxieneko markak lortzeko. Zortzi kilo falta zaizkit. 260 kilo eginak ditut total olinpikoan eta gutxieneko marka 268 kilo dira. Absolutu mailako Espainiako Txapelketa ekainaren 10ean dut eta 17 urtez azpiko Espainiako Kopa uztailaren 2an. Nire asmoa da txapelketan markak hobetzea, eta kopan gutxienekoa lortu eta bide batez podiuma lortzea. Europako Txapelketara joanez gero, marka on bat egitea eta ahal dudan postu onena lortzea da helburua.

Gutxieneko marka hori lortzeko aukerak ikusten dituzu, beraz.

Zaila izango da, baina ez bada ezer arraroa gertatzen, eta entrenamenduak behar bezala joaten badira, ez zait iruditzen ezinezkoa. Daramadan progresioarekin lortzeko modukoa izan daiteke.

Espainiako selekzioarekin egon zara egonaldiren batean?

Bai, Leonen egon nintzen Aste Santuan hiru egun, eta Europakora joaten banaiz, udan beste egonaldi bat izango nuke, luzeagoa. Leonera taldeko Ekain Dominguezekin, baita 17 urtez azpikoa, eta Jon Ander Iriarte entrenatzailearekin joan nintzen. Oso gustura egon ginen, entrenamenduak oso ondo egin genituen. Lehenengo aldiz egin nituen bi entrenamendu egun batean, orain arte egun bakoitzean entrenamendu bakarra egiten dudalako.

Munduko Txapelketa ere izaten da zure adinean. Aukera duzu bertara joateko?

Ez dut uste. Eskatzen duten marka altua da, eta zaila izango da lortzea. Gainera, txapelketa horretara joateko Adams izeneko prozedura batean sartuta egon behar duzu, dopinaren aurkako agenteek jakin dezaten non zauden uneoro. Hiru hilabete aurretik egin behar da hori, eta ez daukat hori martxan. Europako Txapelketara joaten banaiz, oso pozik egongo nintzateke.

Nola entrenatzen duzu?

Lau egunez entrenatzen dut halterofilia Olaederra kiroldegian, eta gainontzeko egunetan nire kabuz egiten ditut entrenamenduak: saltoak, kalisteniako mugimenduak pisuarekin... Donostiatik Villabonara joan-etorria egitea bada denbora pixka bat, baina merezi du, oso gustura nago taldean.

Bakarkako kirola da halterofilia, baina talde batean egoteak bere onurak izango ditu, noski.

Bai, hala da. Gainera pentsatzen dut zorte handia dudala, bai taldean zein entrenatzailearekin giro ona dugulako, eta horrek laguntzen didala nabaritzen dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!