Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida, bertan behera

Ataria 2022ko maiatzaren 16a

Altuna III.ak eta Jakak igandean jokatu behar zuten hirugarren eta laugarren postuak erabakiko zituen partida, Zumaian; Altuna III.ak uko egin dio partida jokatzeari, eskuko minez dagoelako.

Altunak eta Jakak ez dute buruz buruko finalerako sailkatzea lortu asteburuan. Amezketarrak, Lasoren aurka galdu zuen larunbatean; lizartzarrak, berriz, ez zuen aukerarik izan, atzo, Ezkurdiari irabazteko. Ondorioz, bien arteko lehia izango zen igandean, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko. Azkenean, baina, amezketarrak ez du jokatzerik izango. Hala jakinarazi dio Aspe enpresak EPEL-i.

Egoera honen aurrean, eta araudiak atzerapenik onartzen ez duenez, partida galdutzat eman diote amezketarrari. Beraz, Jaka izango da aurtengo txapelketako hirugarren sailkatua, eta Altuna, laugarrena.

Artola, San Fermin torneoan

Larunbatean, azkenean, binakako partida jokatuko du Jakak Zumaian. Imazekin osatuko du bikotea, eta Irribarriaren eta Tolosaren aurka jokatuko dute. Aurrez, Lau eta Erdiko San Fermin torneoko aurre-kanporaketako partida jokatuko dute Bakaikoak eta Artolak; 17:00etan hasiko da jaialdia, eta alegiarrarena lehen partida izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!